Coworking espazioak sortuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, batez ere emakume ekintzaileentzat

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 7a, 12:02

Gloria Vazquez Herranz Zarauzko alkateordeak azaldu du helburua dela eskualdeko herritarrentzako lanerako tresna izatea. "Bultzada bat eman nahi diegu negozio-ideia bat izan eta aurrera eraman nahi duten ekintzaileei eta dagoeneko abian direnei".

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Lourdes Salsamendi Goñik eta Gloria Vazquez Herranz Zarauzko alkateordeak proiektu baten berri eman dute prentsa ohar bidez. Azaldu dutenez, coworking espazioak sortzeko proiektua lantzen ari da UKUE.

2021eko aurrekontuetan “adostasunez” jasotako proiektua dela azpimarratu dute, eta helburua dela eskualdeko herritarrentzako lanerako tresna izatea. “Bultzada bat eman nahi diegu negozio-ideia bat izan eta aurrera eraman nahi duten ekintzaileei eta dagoeneko abian direnei», esan du Vazquezek.

Salsamendik zera gaineratu du: “Urola Kostako Udal Elkartean etengabe ari gara lanean enpleguaren alde, herritarren bidelagun izan nahi dugu, behar dutenean gure laguntza izan dezaten. Coworking proiektua pauso handia izango da bide horretan, aholkularitzatik eta laguntzatik haratago doalako. Coworkingak ekarriko du bide berean dauden herritarren arteko elkarlana eta sinergia; proiektuak garatu eta aurrera eramateko espazioa izango da”.

Gainera, UKUEk balioan jarri nahi du proiektu horretan emakumeek izango duten presentzia, “hasiera-hasieratik erdigunean jarrita”.

Oraingoz, ez dute azaldu proiektuaren garapena zer fasetan dagoen, eta noiz egongo liratekeen martxan espazio horiek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!