Pandemia atzean uzteko bidean

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 12a, 16:30
Orioko plaza, gaur eguerdian. (IƱigo Gaiton)

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren, normaltasunera bidean da gizartea. Hemeretzi hilabeteotakoa bide malkartsua izan den arren, pandemia bere gordinean atzean utzita, aurrera begira jarriak dira Aia eta Orio. Gaur eguerdian Orioko plaza ikusi besterik ez.

Hilabete luzeak horren zain egon ostean, azkenean heldu da unea: osasun larrialdi egoera bertan behera laga du Eusko Jaurlaritzak, eta aurrerantzean neurri murriztaile gehienek ez dute indarrean jarraituko. Egoera guztiz lehengora itzuli ez den arren, badirudi oraingo honetan birusaren hedapenaren beheranzko joera behin betikoa dela. 

Behin puntu honetara helduta, saihetsezina da atzera begira jartzea, malkartsuak izan baitira azken hemeretzi hilabeteak. Beheranzko joera itxaropentsu ugari izan dira, baina joan-etorrian ibili dira olatuak, eta horrek neurri mugatzaileen dantza eta herritarren nahasmen etengabea ekarri ditu. Herritarren %90etik gora txertatuta egonik, baina, atzera bueltarik gabekoa dirudi oraingo egoerak.

Iazko martxoan iritsi zen birusa Euskal Herrira, eta azkar zabaldu zen Urola Kostan ere. Martxoaren 13an ezarri zuen osasun larrialdi egoera Eusko Jaurlaritzak, hurrengo egunean herritar guztien konfinamendua agindu zuen Espainiako Gobernuak, eta hilaren 19an baieztatu zituzten aurreneko COVID-19 kasuak eskualdean, Osakidetzak lehenengoz herriz herriko kutsatzeen inguruko datuak kaleratu zituenean. Aian eta Orion ez zen baieztatutako kasurik artean. Tantaka-tantaka, ordea, hemen ere azaltzen joan ziren. Aian 2020eko martxoaren 25ean baieztatu zuten lehendabiziko kasua, eta apirilaren 4rako baziren baieztatutako hamar bat kasu Orion. 

Harrezkero, COVID-19aren bost olatu gainditu ditu Euskal Herriak. Bost olatu horiek bete-betean jo dute eskualdea, eta, gutxiago edo gehiago, baita Aia eta Orio ere. Iazko azaroan, aurtengo urtarrilean eta apirilean, esaterako, milatik gorakoa izan zen Orioko intzidentzia tasa, eta olatu horien aparretan, herriak asteak igaro zituen eremu gorrian. Aldiz, eremu gorrian egoterik zer den ez dakite aiarrek, 5.000 biztanletik beherako herria izatean, Eusko Jaurlaritzaren koloreen eskematik kanpo gelditu baita pandemia guztian. Dena dela, han ere izan dituzte positiboak pilatu zaizkien aldiak, azken asteak kasu.

Gaur-gaurkoz, Orion erabat bare dago egoera. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azken hamalau egunotan positibo bakar bat ere ez dute baieztatu herrian; horrenbestez, hutsean dago intzidentzia tasa. Aian, ostera, sei positibo zenbatu dituzte azken bi asteotan, baina, han ere baretzera egin du egoerak.   

Pandemiaren tamainaren erakusgarri, berriz, hemeretzi hilabeteotako datuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, Orion 742 herritar jo ditu gaitzak, herritarren %12,1. Horietatik bost hil egin dira. Aian, berriz, 256 herritarr kutsatu dira COVID-19az, herritarren %12,89; eta horietatik hiru hil dira. 

Hala ere, Aia zein Orio eskualdeko batez bestekoaren azpitik ibili dira. 77.000 biztanle inguru bizi dira egun Urola Kosta eskualdeko 11 herrietan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 10.000 kasu positibo baino gehiago hauteman ditu Osasun Sailak eskualdean azken hemeretzi hilabeteetan; hau da, Urola Kostako biztanleen %13 baino gehiagok eman du positibo gaixotasuna atzemateko probaren batean.

Hona hemen Urola Kostako herrietako datuen taula:

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!