Sei hilabete atzeratu dute Ticket Bai sistemaren ezarpena Gipuzkoan

Julene Frantzesena 2021ko urr. 23a, 09:00

Hasiera batean, urtarrilaren 1ean ziren ezartzekoak dendariei, autonomoei nahiz jarduera ekonomiko bat duten pertsonei zuzendutako sistema, baina sei hilabete atzeratu eta uztailaren 1ean izango da martxan. Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak azaldu duenez, erretiroa hartzetik gertu diren pertsonak salbuetsi egingo dituztela, eta beraz, horiek ez dutela sistema ezarri beharko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzeratu egin du Ticket Bai sistema indarrean jartzeko hasiera data. Hasiera batean, urtarrilaren 1ean ziren ezartzekoak dendariei, autonomoei nahiz jarduera ekonomiko bat duten pertsonei zuzendutako sistema, baina sei hilabete atzeratuko dute. Ondorioz, datorren urteko uztailaren 1ean jarriko dute martxan.

TicketBai sistemaren helburua da enpresa txikiek nahiz handiek fakturak automatikoki bidaltzea Ogasunera. Gisa horretan, zerga iruzurra saihestu nahi du foru erakundeak, Arabako eta Bizkaiko aldundiekin nahiz Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Sistemak sortu ditu zalantzak eta kezkak dendarien-eta artean, software berezi bat jarri behar dutelako, eta horrek inbertsioa egitea suposatzen dielako. Dena den, Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak azaldu duenez, erretiroa hartzetik gertu diren pertsonak salbuetsi egingo dituztela, eta beraz, horiek ez dutela sistema ezarri beharko.

Gipuzkoako Aldundia ez da sistemaren ezartze epea atzeratu duen bakarra. Hain zuzen ere, Bizkaikoak beste bi urtez atzeratzea erabaki zuen uztailean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!