Izetatarrek garaipenik ez dute erdietsi Azpeitiko herri kirol jaialdian

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 2a, 17:30

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak hirugarren egin du Izar Berriak aizkolari txapelketan; Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak, berriz, bigarren egin du Azpeitian jokatu duten Binakako Harrijasotze Txapelketako jardunaldian.

Herri kirol jaialdia izan zen atzo, astelehena, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aizkolariak, harri-jasotzaileak zein trontzalariak izan ziren protagonista. Batetik, Izar Berriak aizkolari txapelketa berriaren bigarren eta azken jardunaldia jokatu dute; eta bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketaren nahiz Emakumeen Trontzalari Txapelketaren bigarren jardunaldiak. Aizkoran aritu zen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta hirugarren egin zuen; eta harri-jasotzen aritu zen Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Beñat Telleria bikotearekin, eta bigarren bukatu zuen.

Basaurin (Bizkaia) jokatu zuten Izar Berriak txapelketaren lehen jardunaldia, eta atzo, Azpeitian jokatu zuten bigarrena eta azkena. Bi jardunaldietako denborak kontuan hartuta, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa izan ziren txapelketako irabazleak. Hala eta guztiz ere, Azpeitiko jardunaldia Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariek irabazi zuten; izan ere, bikoteak 17 minutu eta 4 segundo behar izan zituen gaur lanak amaitzeko. Amundarainek eta Soroak, berriz, sei segundo gehiago –17 minutu eta 10 segundo– behar izan zituzten gaur. Azpeitiko eta Basauriko lanetako denborak batuta, Amundarainek eta Soroak 32 minutu eta 8 segundo behar izan zituzten; Rodriguezek eta Basozabalek, berriz, hogei segundo gehiago –32:28– behar izan zituzten.

Txapeldunez eta txapeldunordeez gain, beste lau bikotek ere parte hartu zuten txapelketan: Hodei Ezpeletak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak –hirugarrenak, 33:37–, Oier eta Xuban Kañamaresek –laugarrenak, 35:09–, Julen Olanok eta Julen Gabirondok –bosgarrenak, 36:24– eta Joxean Etxeberriak eta Axel Larrañagak –42:16– . 

Harri-jasotzea eta trontza

Binakako Harrijasotze eta Emakumeen Trontzalari txapelketen bigarren jardunaldiak ere jokatu zituzten gaur Azpeitian. Harrijasotze txapelketan Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza nagusitu ziren Azpeitian. Bikote irabazleak 11.664 kilo altxatu zituen Izarraitzen, eta Beñat Telleriak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak osatutako bikoteak 11.039 kilo. 150 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kopa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu zituzten laurek txanda ezberdinetan.

Emakumeen Trontzalari Txapelketan, berriz, Maria eta Ainhoa Iraizoz aritu ziren alde batetik, eta bestetik, Uxue Rodriguez eta Nerea Uharte. Iraizoztarrek 10 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten 36 ontzako enborra hamasei aldiz mozteko. Rodriguezek eta Uhartek, berriz, 11 minutuan amaitu zuten lana.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!