"Bilboko kaleak bete ditugu, eta aldarrikatu dugu aldarrikatu nahi genuena"

Onintza Lete Arrieta 2021ko aza. 7a, 12:03
Zaraguetakoak Bilboko manifestazioan (Zaragueta herri eskola)

Euskal eskola publikoaren alde manifestazioa egin dute larunbatean Bilbon milaka lagunek, eta bertan izan dira Zaragueta herri eskolakoak ere, tartean Ainhoa Zumeta zuzendaria.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak antolatuta, Hezkuntza publikoaren alde: pribatizazioari ez! lelopean egin da manifestazioa larunbat honetan Bilbon, Hezkuntza delegazio aurretik abiatu, eta Arriagara arte.

Bertan izan dira Zaragueta herri eskolako hainbat guraso eta irakasle, baita Ainhoa Zumeta zuzendaria ere. "Bilboko kaleak bete ditugu, manifestazio koloretsu eta alaia izan da, ume pila batekin, eta gustura gaude, aldarrikatu dugulako aldarrikatu nahi genuena", esan dio KARKARAri. 

Autobusez joan dira asko, eta inguruko herrietakoekin batera ibili dira oriotarrak. "Eskualdetik elkarrekin joan gara Zarauzko Orokietakoak eta Lizardikoak, Getariako Iturzaetakoak eta Zaraguetakoak, polita izan da euskal eskola publikoaren alde elkarrekin aritu izana".

Zumetak azaldu du Haurreskolak Partzuergoaren aldeko aldarrikapen "asko" entzun direla manifestazioan zehar, "prekarietate handiarekin daudelako, garai oso zailak bizitzen".

Aldarrikapenak

Hezkuntza publikoa aldarrikatzeko eta babesteko mobilizazioa izan da; "izan ere, Eusko Jaurlaritzak esan du hezkuntza lege berri bat hitzartu eta onartu nahi duela", adierazi zuten joan den astean Zaraguetako arduradunek.

Horregatik, herri eskolak bat egin zuen manifestazioarekin eta, eskola komunitatearen atxikimendua erakusteko, argazki jendetsua atera zuten. Horrez gain, manifestazioan parte hartzera dei egin zieten herritarrei.

Eskola publikoak "denona eta denontzat, inklusiboa, euskalduna, laikoa, doakoa, aniztasunaren eta hezkidetzaren aldekoa, berdintasunean eta kalitatean oinarritua, unibertsala, eta gizarte kohesioa bermatzen duena" izan behar duela aldarrikatzea izan da helburua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!