Parean eta pareko

Maitemindu gaitezen

Aritz Mutiozabal kazetariak eta GUKA gehigarriko 'Parean eta pareko' atalean Udane Juaristiri eta Barbara Stammeli egindako elkarrizketaren egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Artista batek ez du sekula beste artista batez maitemindu behar". Marina Abramovic arte-sortzaile serbiarraren baieztapen irmoak zentzua izan dezake bide propioa bilatu nahian dabilenarentzat, baina gustuko erreferentziei muzin egitea edo aitzindarien iturrietatik ez edatea kasik ezinezkoa izaten da. Arazoa da, konturatu gabe, edo horretarako kontzientziarik ez dugulako, ikuspegi matxista gailentzen zaigula etengabe, eta erreferentzia artistikoak zerrendaratzen hasten garen aldiro gizonezkoak ateratzen zaizkigula perretxikoak bezala: Van Gogh, Picasso, Oteiza, Basquiat, Pollock, Velazquez, Da Vinci, Monet, Rodin, Rubens, Duchamp, Cezanne... Ze esan duk? Emakumezkorik ez?

Avignongo neskatilak, besorik gabeko Miloko Venusa, maja jantzita eta biluzik, soineko deserosoz jantzitako Meninak, Marylin Monroe eta Liz Taylorren serigrafiak, biolontxelo bizkarreko emakumea... Modelo izateko hamaika abagune eman zaie, objektu bezala miretsiak. Baina begi ere izan dira eta badira, garaian garaiko begi kritiko-sozialak, eta iraultza artistikoetan ere parte hartu duten arren, dominek bular iletsuetan bukatu izan dute beti. Dagokien aitortza barrunbeetan zokoratu dute: gizarteko beste esparru guztietan gertatu den istorio eta historia bera errepikatu da artean ere.

Oraintsu, Bilboko Guggenheim museoak Emakumeak abstrakziogile erakusketa interesantea ireki du, Parisko Pompidou Zentroarekin elkarlanean. Bertan, 110 emakumezko artistaren 400 lan abstraktu baino gehiago bildu dituzte, 1860ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara artekoak. Aurkezpen egunean, Pompidou zentroko arte arduradun Christine Macelek nabarmendu zuen arteak ez duela sexurik, baina artistek bai, eta "ikusezintasunak arrazoi soziologikoak" dituela.

Sonia Delaunay-Terk, Anni Albers, Louise Bourgeois, Judy Chicago, Lygia Clark, Alexandra Exter, Lee Krasner, Gret Palucca, Olga Rozanova, Sophie Taeuber-Arp, Atsuko Tanaka, Liubov Popova... Guggenheimen ikusgai dauden artistetako batzuk dira. Agian, iritzi publikoarentzat –gizarte eredu honentzat– ezezagunak dira, baina geure baitan osatzeke dugun artearen historia lantzen hasteko oso baliagarriak. Tartean, gainera, bi euskal artistaren obra bana jaso dituzte: Esther Ferrer eta Elena Asinsenak.

Askotan, ordea, ez dugu urrutira joan beharrik etxean ditugun talentuez ohartzeko. Ez dugu zertan utzi denbora iragaten, atzerriko izendapen batek aitortza egiten dien arte itxaron, geure artistek duten mailaz harro sentitzeko: Zuhar Iruretagoiena, Udane Juaristi, Jone Saizar, Aran Santamaria, Barbara Stammel, Malen Agirre, Ainize Txopitea, Maite Unzurrunzaga, Malen Amenabar... Bakoitza bere esparruan, bere jakin-min eta interesekin, kontuan hartzeko proposamenak lantzen ari da. Maitemindu gaitezen beraz haietaz, maitemindu gaitezen haien sormenaz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!