Atletismoaren onurak

Kamel Ziani eta Aitor Rubo 2021ko aza. 18a, 09:00

KARKARA aldizkariaren 432.zenbakian plazaratutako artikulua, 'Osasuna' atalean.

Sei urte pasatu dira dagoeneko gure taldea martxan jarri genuenetik. Herrian atletismoaren inguruko hutsune handia zegoela ikusi genuen, eta hortik abiatuz, lanari ekin genion. Urte hauetan guztietan, taldeko kideen kopuruak gora egin du etengabe, eta haur eta heldu askorekin lan egiteko aukera izan dugu. Gaur gaurkoz, seitik hamabi urtera bitarteko 50 haur ditugu gure artean, 13tik 16ra bitarteko 22, eta seniorrak ere asko. Denera, ia ehun lagun izango gara.

Adin desberdinetako lagunekin orduak eta orduak pasatzen ditugu entrenamendu saioetan, eta bertatik bertara ikusi dugunaren arabera, ondorio argi bat atera dugu: korrika egiteak onura asko eragiten ditu guztiengan.

Txikienei dagokionez, haiekin jolasteari garrantzia handia ematen diogu, umeek ondo pasatzea izaten baita garrantzitsuena. Gozamen hori bilatzea da haiek atletismora kateatzeko gakoa. Ariketa eta jolas desberdinekin entrentenitzen ditugu korrikalari txikiak, eta ohartzerako, ia konturatu gabe, kilometroak egiten dituzte.

Aldi berean, umeek ondo zapaltzen ikasten dute, arnasa kontrolatzen, eta korrika egitean dituzten ohitura txarrak zuzentzen dizkiegu. Horri guztiari esker, gorputzaren koordinazioa hobetzen joaten dira, eta hori kirolerako bezain ona da eguneroko bizitzarako.

Adin txikiko haurrekin lan egitearen onena da, hain zuzen, ikasteko gaitasun ikaragarria dutela. Berehala barneratzen dituzte kontzeptu berriak, eta gaitasun handia dute ohitura txarrak aldatzeko. Hala, bizi osorako baliagarri izango zaizkie gurekin ikasitakoak. Besteak beste, korrika ondo egiten ikastea oinarri sendoa da futbolerako, pilotarako, arraunerako edo beste edozein kiroletarako. Horrez gain, haurren artean sedentarismoa gero eta arazo handiagoa dela kontuan izanik, kirola egitea beti da ona. Haurrek mugitu egin behar dute, eta tartean gozamena badago, errazago eta gehiago ibiliko dira kirol horretan. Gure kasuan, ikusten dugu primeran pasatzen dutela, eta pozik ibiltzen direla entrenamenduak egiten.

Bestalde, atletismoak onura psikologikoak ere eragiten ditu umeengan. Balore onak barneratzen dituzte, eta gogortu egiten dira; sufritzen ikasten dute. Beharbada, onura hori ez da ikusten txikienengan, baina koskortu ahala, bai. Orain hamalau urte dituzten batzuk zortzirekin hasi ziren gurekin, eta lehiaketa nahiz entrenamenduetan indar psikologiko handia erakusten dute. Taldeko gazte batzuk emaitza oso onak ari dira lortzen txapelketetan, eta ziurrenik, arlo psikologikoan egindako lana da gakoetako bat.

Haurren inguruan hitz egiten aritu gara, baina helduei buruz ere aipatu nahi dugu zerbait. Gero eta jende gehiagok du korrika egiteko zaletasuna, eta hori hasiera batean ona den arren, badu arrisku bat: azkarregi hasi eta min hartzea. Batzuk denak emanda hasten dira, inoiz kirolik egin gabekoak ere bai tartean, eta helburu handiak jartzen dituzte. Gure gomendioa argia eta sinplea da: poliki-poliki hastea, erotu gabe. Kontrakoa eman dezakeen arren, gorputzak oso indartsu egon behar du korrika ondo egin ahal izateko. Ariketa fisiko oso exijentea da, eta giharrak ondo landuta izan ezean, lesioak sor daitezke. Horregatik, gure entrenamenduetan indar ariketak ere uztartzen ditugu, adin guztietako korrikalariekin. Beldurrik gabe, taldera hurreratu eta atletismoa probatzeko gonbita egin nahi diegu adin guztietako herritarrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!