Hitz tantak

Joxean Jaka: "Txatarretara doazen hondakinekin artea egiten saiatzen naiz"

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 22a, 10:03

Aurtengo Orioko Surf Txapelketan, Joxean Jakak egindako garaikurrak jaso zituzten irabazleek. Aitzakia horrekin, azaroko KARKARA aldizkarirako elkarrizketa egin genion artistari.

Aurtengo Orioko Surf Txapelketan, Joxean Jakak (Orio, 1985) eskuz egindako trofeoek distira berezia lortu zuten sari banaketan, olatu artean ondoen ibili ziren surflariekin batera. Hondartzan bildutakoek ikusi ahal izan zuten modura, artista da Jaka, hitzaren zentzu bete- betean. Eskuz sancheski ederrak egiten ditu; bideoren batean jasota dagoen modura, 1980ko hamarkadako frontmanen pare ere agertu izan da eszenatoki gainean, eta hori gutxi balitz, "txatarrarekin artea" egiten ere badaki.

Nolatan animatu zara surf txapelketarako garaikurrak egitera?

Nire lantokian du sorburua honek guztiak. Fundiziotik burdin pieza "zikinak" jasotzen ditugu, eta prozesu baten bitartez, beste itxura bat ematen diegu. Behin baino gehiagotan, burdinak borobil itxura hartzen zuela ikusten nuen, eta, horri, olatu on baten itxura hartzen nion: tutu borobil batekin hausten ari den olatuaren forma. Laneko soberakinekin hasi nintzen olatuak sortzen, eta hori berezia da niretzat: txatarretara doazen hondakinekin artea egiten saiatzea. Duela hiru urte egin nuen aurreneko figura.

Fabrikan itxura eman eta gero, nola jarraitu zenuen lanean?

Hurrengo urratsa, rotaflexarekin eta mailuarekin olatuaren irudia fintzen joatea izan zen, xehetasunak markatzen. Lan gehiago eman zidaten gainontzeko elementuek, horiek egin eta non kokatu erabakitzeak. Harritxo batzuk baditu olatuak inguruan. Bada, horiek, Indonesiatik ekarritako koral zatitxoak dira. Surflari txikia, berriz, plastiko zati batekin eta metxeroarekin eginda dago. Gero, margotzeak ere bere lana izan du.

Azpimarratu nahiko nuke, surflaria egiterako orduan, Joseba Agote hartu nuela inspirazio modura. Berak du estilorik onena Orioko ezker olatuan; maisua da bizkarka surf egiten.

Sari banaketan zeuk eman zenizkien garaikurrak irabazleei.

Gazi-gozoa izan zen momentua niretzat. Barru- barrutik egindako artelanak izan dira garaikurrak, maitasun osoarekin egindakoak. Tailerrean ari nintzen bitartean, askotan irudikatzen nituen artelan horiek irabazleen eskuetan, eta ez zitzaidan toki hoberik okurritzen lan horientzat. Alde horretatik, momentua ederra izan zen.

Baina?

Bestalde, politika arloari eta euskal gatazkari lotutako kontuak tarteko, urte batzuetan surf taldetik aldenduago ibiltzea erabaki nuen. Azken urteotan, Zarautz aldean ibili naiz surfean, Orion baino gehiago. Hala ere, beti maitatu izan ditut hemengo hondartzako lagunak, eta gaztetxotatik han bizitako guztia barru-barruan daramant. Horregatik guztiagatik, sentimendu kontrajarriak izan nituen txapelketako sari banaketan. Urte hauetan guztietan ikasi dudana zera da, denbora ukendu ona izan daitekeela galdutako lagunak berreskuratzen joateko. Eta beste gauza bat ere bai: lagunak galtzea errazagoa dela berreskuratzea baino.

Nondik datorkizu eskulanetarako joera?

Umetatik. Horrekin jaio nintzen. Eskola garaian, ez nintzen behin ere ikasle ona izan, baina plastikan ondo moldatzen nintzen. Nire aurreneko nota ona, 9 bat edo, Nekane Larrañaga irakasleak jarri zidan. Aitak ere bazuen eskulanetarako afizioa, eta gogoan dut Gabonetan etxean Jaiotza jartzen laguntzen niola. Beti gustatu zait maketekin eta halakoekin jolastea.

Orain zer duzu eskuartean?

Surf txapelketako garaikurrak bukatuta, fase bat itxi dut. Beste zerbaiti ekingo diot. Besteak beste, sancheski pare bat egiteko eskariak ditut... Egia esan, tarteka kostatu egiten zait sorkuntza lanei segida ematea, eta hori da nire bekatua: ez naiz oso konstantea... kar-kar-kar. Intentsoa bai, zentratzen naizenean, baina nahi baino diziplina gutxiago dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!