Azaroaren 25a

Aurten indarkeria matxista jasan duten sei emakumek jo dute Orioko Gizarte Zerbitzuetara

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 25a, 10:12
'Tratu ona guztiona' pankarta zizntzilikatu dute Orioko udaletxean. (Aitziber Arzallus)

Iaz baino emakume gutxiagok jo dute Aiako eta Orioko gizarte zerbitzuetara, baina horrek ez du esan nahi egoerak hobera egin duenik, badirelako indarkeria matxista jasaten duten baina gizarte zerbitzuetara joaten ez diren emakumeak.

Azaroaren 25a da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira, indarkeria matxista salatzeko ekitaldiak izango dira Aian zein Orion. Izan ere, aurtengoa ere ez da salbuespena izan indarkeria matxistari dagokionez.

Orio

Gizarte Zerbitzuetako kideek KARKARAri emandako datuen arabera, indarkeria matxista jasan duten sei emakume artatu dituzte aurten; iazkoen erdiak eta duela bi urte baino bat gehiago dira horiek. Orioko Udalak emandako datuek erakusten dute adin guztietako emakumeak izan daitezkeela biktima, Gizarte Zerbitzuetara jo dutenetako bik 21 eta 30 urte artean baitituzte, beste bik 41 eta 50 urte artean, eta beste bik 51 eta 60 urte artean. 41 urte da aurten Gizarte Zerbitzuetan artatu dituzten batez besteko adina.

Uste guztien kontra, sei emakume horietako bost bertakoak dira, eta bakarra da atzerritarra. Seitik bik indarkeria fisikoa jasan dute, hiruk psikikoa, eta besteak bi eratako indarkeria. Hala ere, erdiek bakarrik jarri dute erasotzailearen kontrako salaketa. 

Aia

Aurreko bi urteetan indarkeria matxista jasan duten bi emakume artatu zituzten Aiako Gizarte Zerbitzuetan; bat 2019an, eta beste bat 2020an. Aurten, ordea, ez dute kasu bat bera ere izan.

Dena dela, errealitatea datu horiek erakusten dutena baino askoz gordinagoa da, badirelako indarkeria matxista jasaten duten emakumeak, baina udaleko gizarte zerbitzuetara jotzen ez dutenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!