Orion 21 positibo berri eta Aian lau atzeman dituzte azken lau egunetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 29a, 14:30

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, aurreko ostegunaz geroztik okerrera egin du koronabirusaren bilakaerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Orion eta Aian ere.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, aurreko ostegunaz geroztik okerrera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren bilakaerak, baita Orion eta Aian ere. 

Orion, izan ere, intzidentzia tasa 782,78koa da uneotan, eta azken lau egunetan 21 positibo berri zenbatu dituzte kostaldeko herrian. Aian, berriz, lau positibo berri atzeman dituzte.

Eskualdean ere ez da giro. Guztira, 307 positibo berri atzeman dituzte azken lau egunetan; horietatik 121, Azpeitian. Azken hilabetean gogor jo du pandemiak herri horretan, eta datuek gora egiten jarraitzen dute. Une honetan, 2.181,36ko intzidentzia du herriak.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere okerrera egin dute datuek. Zarautzen nabarmen egin du gora intzidentzia tasak (762,41 tik 968ra), eta 67 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan. Azkoitian, 38 izan dira azken egunetan atzemandako positiboak, eta 784,44ra igo da intzidentzia tasa. Apur bat apalago izan arren, Zumaian ere gorantz doaz datuak: 22 positibo berri zenbatu dituzte azken egunetan, eta 620,74ra igo da tasa.

Gainontzeko herriei dagokienez, hauek dira azken lau egunetako zenbakiak: lau kasu berri hauteman dituzte Aizarnazabalen, bat Beizaman, bi Errezilen, hogei Getarian eta sei Zestoan.

ZIUetan, 60 lagun Hego Euskal Herrian

Datu orokorrei erreparatuta ere okerrera egin du egoerak berriro. 471,56koa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa orokorra (duela astebete 321,59koa zen), eta positibotasun tasa %10,4koa da (egindako 6.389 probetatik 663k eman zuten positibo atzo). Ospitaleak, pixkanaka bada ere, gero eta beteago daude. Nafarroari dagokionean, berriz, azken eguneko datuen arabera, jaitsi egin da positibotasun tasa %9,8ra, eta 202 lagunek eman zuten positibo igandean egindako 2.056 probetan.

214 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan koronabirusaren eraginez, azaro erdialdean baino 100 gehiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, 47 lagun daude. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreko astean adierazi zuen ZIUen okupazioa 50 ohetara iritsiz gero aztertuko zutela berriz ere osasun larrialdi egoera aztertzeko aukera. Oraingoz ez da zifra horretara iritsi zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua, beraz, aurkakorik esan ezean, ez du neurri berezirik hartuko Jaurlaritzak momentuz.

Nafarroan, Osasunbidearen erietxeetan, 80 lagun daude ospitaleratuta, eta hamahiruk behar dituzte zainketa bereziak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!