Orioko Udalak antolatzen duen Euskaraz gazte literatur lehiaketak 28. edizioa du aurtengoa, eta azkenera iristear da, ostiralean banatuko baitituzte sariak. Aurreko urteetan bezala, Euskararen Nazioarteko Egunean egingo du sari banaketa udalak. Ekitaldia Kultur Etxeko areto nagusian izango da, 19:00etan hasita, eta irekia izango da interesa duen edonorentzat.

16 urtetik gorako oriotarrei eta aiarrei zuzendutako lehiaketa da Euskaraz gazte, eta herritarren artean idazteko zaletasuna suspertzea du helburu. Aurtengo deialdiaren berri irailaren bukaeran eman zuen udalak, eta herritarrek azaroaren erdi aldera arte izan zuten lanak aurkezteko aukera. Epaimahaiaren esku gelditu ziren harrezkero, eta hain zuzen ere, ostiralean jakinaraziko dute erabakia, zeintzuk iruditu zaizkien lanik onenak. Orioko Udaleko euskara teknikari Jabier Zabaletak, Aiako Udaleko kultur teknikari Eli Lasak eta KARKARAko kide Eli Manterolak osatu dute epaimahai hori.