Astelehenaz geroztik hamar positibo atzeman dituzte Orion, eta zortzi Aian

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 2a, 14:31

Eskualdean, hiru egunean 297 positibo baieztatu dituzte; horietatik 116 Azpeitian, eta 86 Zarautzen. Biharko espero da Labiren bilera, eta Eusko Jaurlaritzak aste honetan iragarritakoa betetzera, berriz ezarriko du osasun larrialdi egoera, eta horrekin, neurri murriztaileak. COVID ziurtagiria noiz eta nola erabili ere bilera horretan erabakiko dute.

Eusko Jaurlaritzak eguerdian kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena, aste honetako bigarrena, eta oraingoak ere ez dakar berri onik: astelehenaz geroztik, hamar positibo zenbatu dituzte Orion, eta beste zortzi Aian. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak gora egin du bi herrietan; 815ekoa da Oriokoa, eta 1.500 pasatxokoa Aiakoa.

Dena dela, eskualdean badira askoz okerrago dauden herriak, eta eskualde guztiko datuak ere ez dira batere itxaropentsuak, hiru egunean guztira 297 positibo baieztatu baitituzte. 11 herrietako inor ez da libratu oraingoan, denetan izan dute kasuren bat, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa baxuena duen herriak ere 770etik gorakoa du.

Zerrenda gorriaren buruan Azpeitia dago, 2.635eko intzidentzia tasarekin. Azken hiru egunotan 116 positibo baieztatu dituzte han; soilik asteartean, 62 kasu berri zenbatu zituzten. Haren atzetik, Zarautz, 1.182ko tasarekin, hiru egunean 86 positibo batuta. Azkoitiko zenbakiak ere, pixkanaka-pixkanaka, okerrerantz doaz. Astelehenaz geroztik 29 positibo baieztatu dituzte han, 935era igo da intzidentzia tasa. Zumaian 815eko intzidentzia tasa dute, 22 kasu zenbatuta.

Eskualdeko gainontzeko herrietako intzidentzia tasak ere oso altuak dira, baina kontuan izan behar da zenbat eta biztanle gutxiago, positibo bakoitzak orduan eta eragin handiagoa duela tasan. Hala ere, azken hiru egunotan aipatzeko moduko positibo kopurua pilatu dute batzuek: Getarian hamahiru izan dituzte eta Zestoan bederatzi. Azkenik, Beizaman bi positibo atzeman dituzte, eta Aizarnazabalen eta Errezilen, bana.

Hego Euskal Herrian, ia 2.000 positibo

Hego Euskal Herriko datuak ez dira hobeak: atzo, denera, 1.924 positibo atzeman zituzten. Dena dela, esan beharra dago koronabirusa detektatzeko egiten ari diren proba kopurua ere duela aste batzuetakoa baino askoz handiagoa dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orotara, 13.425 test egin zituzten atzo, eta horietatik 1.361ek eman zuten positibo. Igandean, aldiz, 6.389 test egin zituzten, eta 663 izan ziren positiboak. 

Erietxeetako egoera ere okertzen doa pixkanaka. Duela hamar egun, Osakidetzaren zentroetan 168 lagun zeuden ospitaleratuta eta 31 zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Orain, berriz, 207 daude ospitaleratuta, eta 55 daude ZIUetan. 

Labiren bilera

Eusko Jaurlaritzak asteartean jakinarazi zuen berriz osasun larrialdi egoera ezarriko duela, eta hainbat hedabidek aurreratu dutenez, bihar izango da Labiren bilera, nahiz eta Iñigo Urkullu lehendakariak ez duen hori baieztatu. Osasun larrialdia ezartzeko eta COVID ziurtagiria martxan jartzeko izango da bilkura. Bertan zehaztuko dute zer neurri murriztaile sartuko diren indarrean osasun larrialdia ezartzearekin batera. Besteak beste, COVID ziurtagiria nola eta noiz ezarriko duten zehaztuko dute, Espainiako Auzitegi Gorenak erabiltzeko baimena eman baitio Jaurlaritzari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!