Ostegunaz geroztik 42 positibo zenbatu dituzte Orion, eta beste hamar Aian

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 13a, 13:50

Azken asteetako joera baieztatu dute Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian kaleratu dituen datuek: positiboak ugarituz doaz, eta intzidentzia tasak gora. Urola Kosta ez da salbuespena, eta Orio eta Aia ere ez dira libratzen. Kezkagarriena da ospitaleetako presioa ere hazten ari dela. Duela astebete, COVID-19ak jotako 266 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 338 dira gaur. ZIUetan, berriz, 70 zeuden joan den astelehenean, eta 91 daude gaur.

Koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, eta zenbaki potoloak dakartza oraingoak ere. Orion 42 positibo atzeman dituzte azken lau egunotan, eta Aian beste hamar. Kopuru horiek nabarmen eragin dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasan, bai batean eta bai bestean. Orion, astebetean ia 500 puntu igo da tasa: joan den astelehenean 1.369,86koa zen, ostegunean 1.484,02koa, eta 1.826,48koa da gaur. Aiako tasak ere oso antzerako bilakaera izan du: 1.360,20koazen joan den astelehenean, 1.460,96koa ostegunean, eta 1.712,85eko da gaur.

Eskualdeko panorama orokorra ez da hobea. Ostegunaz geroztik Urola Kostako herri guztietan baieztatu dute positiboren bat, eta, orotara, 418 izan dira. Azken asteetakoaren ildotik, Azpeitian eta Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; oraingoan Zarautzen gehiago, Azpeitian baino. Hain zuzen ere, lau egunean 121 positibo zenbatu dituzte Zarautzen, eta 115 Azpeitian. Ondorioz, Zarauzko tasa 1.400,61etik 1.730,42ra igo da astebetean; Azpeitikoa, aldiz, 2.943,50etik 2.897,50era jaitsi da.

Azkoitian, 61 kasu baieztatu dituzte azken lau egunotan, eta joan den astelehenetik 250 puntu igo da intzidentzia tasa: 1.034,80tik 1.285,15era, hain zuzen. Eskualdeko herri handien artean —5.000 biztanletik gorakoak—, Zumaiak du intzidentzia tasarik baxuena: 915,84koa, hain justu. Han, 27 positibo izan dituzte ostegunaz geroztik. 

5.000 biztanletik beherako zenbait herritako datuak ere ez dira batere lasaigarriak. Zestoan 23 positibo pilatu dituzte lau egunean, eta hamabi izan dituzte Getarian. Aizarnazabalen eta Beizaman hiru positibo atzeman dituzte, eta Errezilen bakarra.

Ospitaleetako presioa, gero eta handiagoa

Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak koronabirusa atzemateko 14.508 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.884k eman zuten positibo; %13k hain zuzen. Ospitaleetan, seigarren olatua deitzen diotenaren eragina gero eta nabarmenagoa da. Duela astebete, COVID-19ak jotako 266 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 338 dira gaur. ZIUetan, berriz, 70 zeuden joan den astelehenean, eta 91 daude gaur. Hego Euskal Herrian, berriz, denera koronabirusak jotako 465 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 113 ZIUetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!