Astelehenaz geroztik 60 positibo zenbatu dituzte Orion, eta hamahiru Aian

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 16a, 13:51

Orioko datuek bilakaera kezkagarria erakusten dute. Astelehenetik, 815 puntu igo da intzidentzia tasa, eta 2.641,88koa da egun. Aiakoa, berriz, 1.964,74koa da egun. Eskualdeko positibo kopuruak ere oso handia izaten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian kaleratu dituen datuen arabera, egunetik egunera okertzen ari da Aiako eta Orioko egoera; oraingoz, buelta emateko itxurarik gabe. Astelehenaz geroztik, 60 positibo atzeman dituzte Orion eta beste hamahiru Aian. Ondorioz, igoera nabarmena izan dute bi herrietako intzidentzia tasek. Oriokoa 815 puntu igo da tasa aste hasieratik hona, eta, gaur-gaurkoz, 2.641,88koa da; Aiakoa, berriz, 1.964,74koa.

Urola Kostan ere, seigarren olatuak indartsu jarraitzen du: 358 positibo detektatu dituzte hiru eguneko epean. Oraingoan ere Azpeitian eta Zarautzen izan dituzte kasu gehien. 80 izan dira Azpeitian eta 2.660,97koa da hango intzidentzia tasa. Astelehenean plazaratutako datuekin alderatuta, ia 150 puntu jaitsi da tasa, baina, hala ere, eskualdeko handiena da. Zarautzen, berriz, 75 kasu atzeman dituzte hiru eguneko epean, eta tasa 1.683,30ekoa da. Han ere jaitsi egin da tasa astelehenaz geroztik, 47 puntu, hain zuzen.

Azkoitian, 45 kasu detektatu dituzte —1.418,68koa da tasa—, 38 Zestoan —2.182,85eko tasa—, 24 Zumaian —936,21eko tasa—, hamahiru Aian —1.964,74ko tasa—, 11 Getarian —1.378,09ko tasa—, hiru Errezilen —1.127,21eko tasa—, eta bakarra Beizaman —4.838,71ko tasa—. Hiru egun hauetan Aizarnazabalen ez dute kasu berririk ezagutu; 1.170,35 tasa du gaur-gaurkoz. 

Ospitaletako egoera

Eskualdetik kanpoko panorama ez da hobeagoa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 6.624 kasu positibo eman dira azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren menpeko erietxetan 299 lagun daude ospitaleratuta, eta Zaintza Intentsibotako Unitateetan COVID-19agatik dauden pertsonak 100 dira.

Nafarroari dagokionez, azken datuen arabera, 709 positibo izan ziren hilaren 14an, asteartean, eta hamabost lagun ospitaleratu zituzten egun horretan. Hiru lagun zeuden ZIUetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!