IZPIAK ETA HIZKIAK

Jiva hirian ere, tranpetan

Karkara 2021ko abe. 27a, 10:30

KARKARA aldizkariaren abenduko zenbakirako honako argazkia aukeratu zuen Joxemari Olasagasti argazkilari afizionatu oriotarrak, eta azalpen ederrarekin lagundu zuen irudia.

Sobietar Batasuneko parte izan zen Uzbekistan, eta gaur egun errepublika independentea da. Tashkent du hiriburua. Hantxe kokatzen da gizateriaren ondare izendatu zuten lehen lekua: Jiva hiri zoragarria, hain zuzen. Hiri hartan, Itchan Kala auzo zaharreko Juma meskitan ateratako argazkia da honako hau (2019. urtean).

Bi emakume, eserita, kolore ederrak dituzten jantziak soinean, dotore, kontu-kontari, lasaitasun osoan. Kameraren klika entzun bezain pronto, tranpetan ari ote nintzen galdetu nion neure buruari, eta bai, garbi jokatzetik oso urrun nenbilen. Atzetik, beraiek konturatu gabe, beraien baimenik gabe aritu nintzen eta.

Baina ez nintzen kapaz izan irudia ezabatzeko, eta orain hemen dago, zuen denon eskura.

Han eta hemen ibiltzen gara argakiak ateratzen, askotan eta askotan, adibide honetan bezalaxe, tranpetan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!