Bihar bilduko da Labi urte bukaerara begira neurri berriak onartzeko

Bileran aurkeztuko dituzten neurri zehatzak jakinarazi ez badira ere, Presidenteen Konferentziara eramandako proposamenak izatea aurreikusten da. Hain zuzen ere, edukierak eta merkataritza nahiz ostalaritza ordutegiak murriztea.

Labi aholku batzordea bihar elkartuko da, 16:30ean, eta aurreikuspen guztien arabera, murrizketa berriak ezarriko dituzte Urtezahar eta Urteberri egunetarako. Iñigo Urkullu lehendakariak biharko deitu du bilera, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren aurkeztuko dituen neurri zehatzak.

Itxura batera, Urkulluk joan den astean Presidenteen Konferentziara eramandako proposamenaren ildotik joko du, eta edukierak eta merkataritza nahiz ostalaritzako ordutegiak mugatzera bideratutako neurriak izango dira hartuko direnak. Zehatzago, edukierak %60ra murriztea ekar lezake, ostalaritzan zutik kontsumitzeko debekua edota gehienez ere hamar bezero mahai bakoitzeko baimentzekoa.

Horrekin batera, ordutegien murrizketa proposa lezake egun berezietan; hau da, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, esaterako, 21:00etan ixtea ostalaritza. Salbuespena izango litzateke abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean afariak emango dituzten jatetxeetan; horiek 23:30ean itxi beharko lukete.

Proposatutako neurriak onartuz gero, asteazkenean bertan jar daitezke indarrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!