Osakidetzak protokolo berria jarri du martxan COVID-19az

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 28a, 16:53

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi du gaurtik antigeno probak Euskadi.eus atarian eska daitezkeela, eta protokolo berriaren xehetasun gehiago ere eman ditu prentsaurrean. Besteak beste, hemendik aurrera ez zaiela egingo jarraipena positibo diren kasu gehienei.

Egunotan jende ilarak ikusi izan dira farmazia kanpoaldeetan, antigeno probak erosteko zain. Bada, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur eman duen prentsaurrekoan azaldu du formulario berria prestatu duela Eusko Jaurlaritzak, COVID-19arekin bateragarria den sintomatologia duten pertsonek proba diagnostikorako hitzordua Euskadi.eus webgunean eska dezaten. 

Emaitzak epe laburragoan lortzeko, antigeno proba gehiago egingo dituzte hemendik aurrera. "Laginak lortzea erraztuko du horrek, baita emaitzak lortzea ere", Sagarduiren hitzetan. Eta, horrez gain, proba diagnostikoak lortzeko tarteko puntuak jarriko dituzte toki batzuetan, nahiz eta ez duen zehaztu non egongo diren gune horiek.

Azkenik, positiboak diren kasuetan, laneko bajak online tramitatzeko sistema jarriko dute martxan, lehen arretako osasun zentroen lana murrizteko.

Beraz, sintomak dituen edo kontaktu zuzena izan den edonork gaur bertatik aurrera Euskadi.eus webgunean eska dezake antigeno proba egitea. Bertan irakurri daitezke eman beharreko pauso zehatzak ere.

Izan ere, Sagarduik jakinarazi du hemendik aurrera Osakidetzak ez diela jarraipenik egingo COVID-19 birusean positibo eman duten guztiei, "gehienetan sintoma arinak" dituztelako horiek. Aldiz, talde zaurgarrienengan jarriko dute arreta.

Erabaki horrekin osasun sistemaren lan karga ere arindu nahi dute.

Egunero milaka eskaera

"Egunero kontaktu estuko hitzorduen 10.000 eskaera baino gehiago" ari dira kudeatzen Osakidetzan "soilik webguneko formularioaren bidez", Sagarduik emandako datuen arabera. Farmazietako antigeno testetan positibo eman duten pertsonen 3.000 hitzordu baino gehiago ere kudeatzen dira. Azpimarratu du proba gehienak Osakidetzaren sareko laboratorioetan egiten dituztela.

Gainera, esan du herritarrek zalantzak dituztela jarraibideen inguruan, eta horregatik, dei asko egoten direla osasun zentrora nahiz osasun sistemara.

Horrek guztiak "hausnartzera" eraman ditu, baita protokoloa berritzera ere kontaktuen eta kasuen jarraipen eta zaintzari dagokionez, "pandemiaren beste une batzuetan egin duten moduan".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!