Gabonak

Itzuli dira angulak Gabonen bueltan

Jabi Gonzalez 2021ko abe. 30a, 14:00
Argazkia: Iban Egiguren

Dibina Lanberrik orain bi urte jan zituen azkenekoz angulak Gabonetan. Berak harrapatutakoak. 9 urterekin hasi, eta 82 egin arte aritu da arrantzan, eta ez du baztertzen berriro ekiterik. Aurten ere berritu du lizentzia, "badaezpada". UKTren Gabon gehigarriko erreportajea da hau.

Janariarekin lotura estua duten ospakizun egunak dira Gabonak, senitartekoekin bazkari zein afari oparoak egitekoak, eta mahai gainean egoten diren klasikoen artean daude otarrainxkak, bisigua eta bildotsa, besteak beste. Angulak ere izan dira plater tradizional horien artean, baina aingira desagertze arriskuan dagoenetik, arrantza gutxitu eta nabarmen garestitu da jakiaren prezioa. Azken urteetan, kiloa mila eurotik gora saltzeraino iritsi dira arrandegiak.

Dibina Lanberri oriotarraren etxean iaz baino ez zen izan angulen hutsunea Gabon otorduetan. Halaxe aitortu du: "Gurean beti izan ditugu angulak Gabonetan. Gabon gaueko afarian ez bazen, Urtezahar gauekoan zen; batean angulak, eta bestean bakailaoa". Jan ere modu berean egin dituzte beti: muki guztia kendu arte ongi garbitu, ondoren egosi, eta zartaginean olio beroarekin eta baratxuriarekin sueztituta.

Argazkia: Iban Egiguren

Lanberrik esan du iaz angulak afaldu ez izanaren arrazoi nagusia haiek arrantzatzeko debekua izan zela. Izan ere, beraiek harrapatutakoak jan dituzte beti, sekula ez erositakoak. Orain bi urte afaldu zituen angulak izan ziren, hain justu, Lanberrik harrapatu zituen azkenak. 9 urterekin hasi, eta 82 egin arte aritu da arrantzan, eta ez du baztertzen berriro ekiterik; belaunetatik gaizki dabil, baina buruan darabil aukera hori.

Semeak eta bilobetako batek hartu diote erreleboa, gustura aritzen dira biak. Hori bai, gerturatu ere ez dira egiten Lanberrik gaztaroan harrapatutako kopuruetara: egun bakarrean 25 kilo angula hartzera iritsia da. Orain, ordea, gutxiago dago, eta bi kilo angula jasotzea "sekulako eguna" izatea da oriotarraren hitzetan. Eusko Jaurlaritzaren araudiaren kupoa hortxe dago, gainera: ezin daitezke bi kilotik gora jaso.

Araudi zorrotza


Angularen arrantzarako araudiak jaso
tzen duen puntuetako bat neurriari edo tamainari buruzkoa da. Gehienezko tamaina muga ezarri zaion arrain bakarra da, eta ezin dira 12 zentimetro luze baino gehiagokoak harrapatu. Espeziea alebina denean soilik harrapa daiteke; beraz, debekatuta dago aingira helduak arrantzatzea. Guztiz ezohikoa da neurria, arrain mota gehienentzat alderantzizko araua ezartzen baita: arrantzatu ahal izateko gutxieneko tamaina zehazten da.

Angula arrantzatzeko baimenetan
ere muga dago. Espezie horren egoera zaurgarria denez, erakunde arduradunek urteak daramatzate lizentzia berriak tramitatu gabe: soilik azken arrantza sasoiko lizentziak berritzeko aukera ematen dute. Hala, urtez urte murrizten joan dira lizentziak pixkanaka, eta horrela jarraituko dute guztiz desagertu arte. Angulak arrantzatzeko bi lizentzia mota daude, bat lehorretik arrantzatzea baimentzen duena, eta bestea itsasontzitik egitea baimentzen duena. Azkenarentzat are zorrotzagoa da araudia, arrantza sasoiaren barruan bi aste soilik irauten dituelako: zehazki, azaroaren 15etik hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte.

2019-2020ko denboraldian eman zi
tuzten lizentzia kopuruari dagokionez, Gipuzkoan, Oria ibaian eman zituzten gehien: 172 lehorretik aritzeko, eta 48 itsasontzitik aritzeko. Urolan, berriz, 25 izan ziren lehorreko baimenak, eta 28 ontzikoak. Deban ere angula arrantzatzeko ohitura handia egon da. Han, hori bai, lehorretik aritzeko lizentziak bainoez dira geratzen; 167, aipaturiko azken
denboraldian.


Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Ga
rapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak azaldu du lizentzia gehienak berritu dituztela azaroaren erdialderako; tartean, Dibina Lanberrirena, angulazale beteranoak berak baieztatu duenez. "Badaezpada".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!