EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du ostalaritza guneak 01:00etan ixtea

Eusko Jaurlaritzak ordutegia murrizteko erabakia epaitegietara eraman zuten ostalaritza sektoreko eragileek, baina gaur bertan jakinarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak ez duela haien eskaera aintzat hartu. Horrenbestez, tabernak eta jatetxeak 01:00etarako itxi beharko dituzte.

Ostalaritza guneak 01:00etarako ixteko agindua indarrean da herenegundik, eta halaxe jarraitu beharko dute urtarrilaren 28ra bitartean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ordutegia murrizteko erabakia epaitegietara eraman zuten ostalaritza sektoreko eragileek, baina gaur bertan jakinarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak ez duela haien eskaera aintzat hartu.

Horrenbestez, tabernak eta jatetxeak 01:00etarako itxi beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzak neurri hori hartu baitu COVID-19a izaten ari den bilakaera eteteko. Gainerako neurriak ere indarrean izango dira, hala nola barran ezingo da kontsumitu eta ostalaritza guneen barrualdeko edukierak gehienez %60koa izan beharko du. Halaber, mahai bakoitzeko gehienez hamar lagun elkartu ahal izango dira.

Eusko Jaurlaritzak ostalaritza sektoreak aurkeztutako errekurtsoaren kontrako alegazioak aurkeztu ditu gaur goizean bertan, eta Auzitegi Nagusiko epaileek ontzat jo dituzte horiek. Beraz, auzitegiak erabaki du asteazkenetik indarrean diren neurriak ez direla urgentziaz bertan behera utzi behar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!