Euskal presoen aldeko manifestazioa deitu dute larunbaterako

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 4a, 12:17

Sarek herrietara eramango du Bilbon egitekoa zuen manifestazioa. Orion, plazatik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean. Aiarrei han parte hartzeko gonbidapena egin diete.

Abenduaren 30ean iragarri zuen Sarek urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa zuen urteroko manifestazio jendetsua bertan behera utziko zuela. Bigarren urtea da mobilizazio erraldoirik egingo ez dutena, COVID-19ak eragindako egoerak hala behartuta. "Sakon hausnartu ondoren" hartutako erabakia izan dela jakitera eman dute antolatzaileek. Baina aldarriari eustea "garrantzitsua" iritzi diote, eta jakinarazi du herrietara eramango dituela euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak.

Orion, plazatik abiatuta egingo dute manifestazioa; larunbatean bertan izango da, 17:30ean hasita. Aian mobilizaziorik egingo ez dutenez, Oriokoan edo Zarauzkoan parte hartzeko deia egin dieten hango herritarrei.

Urola Kostako gainerako herrietan ere egingo dituzte mobilizazioak; hona hemen herriz herriko hitzorduak:

  • Azkoitia: 17:00etan, plazan.
  • Azpeitia: 18:30ean, plazan.
  • Errezil: 17:00etan, goiko plazan.
  • Getaria: 19:00etan, plazan.
  • Zarautz: 17:00etan, Munoan.
  • Zestoa: 18:30ean, plazan.
  • Zumaia: 17:00etan, Kofradian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!