460.000 bisitatik gora izan ditu Karkara.eus-ek 2021ean

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 4a, 18:53

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, ia milioi erdi bisita izan ditu Karkara.eus-ek: 461.970 bisita, zehazki, Google Analytics neurgailuaren arabera. Egunean, batez beste, zazpi albiste argitaratu dira atari honetan, eta 1.266 bisita izan ditu egunero webguneak. Hamar bisitatatik zortzi eskuko telefonotik egin dituzte herritarrek.

2020a nola, 2021a ere hala. Koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du bukatu berri den urtea ere, baina ez da izan albistegietako lerroburu guztiak hartu dituen gaia; eta eskerrak. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Karkarak 2021ean ere, eta hainbat herritarrek ez ezik, eragileek ere egin dituzte ekarpenak. Orotara, 2.510 albiste argitaratu ziren Karkara.eus-en iaz –zazpi albiste egunean, batez beste–, eta asko eta asko izan dira horiek irakurri dituztenak –honako lotura honetan ikus daitezkek dira iazko hamar albiste irakurrienak–.

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, ia milioi erdi bisita izan ditu Karkara.eus-ek: 461.970 bisita, zehazki. Google Analyticsek eskainitako datua da hori. Horrek esan nahi du egunean, batez beste, 1.266 bisita izan dituela webguneak. Herritarrek Karkara.eus-en zabaldutako orrien kopurua ere aipatzekoa da: 2021ean 977.234 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 2.677 orri. Erabiltzaileek, batez beste, 3 minutu eta 39 segundo igaro zituzten webgunera egindako bisita bakoitzean.

Joerak azken urteetako berbera izaten jarraitzen du. Izan ere, Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko joera areagotzen ari da urtez urte, eta 2021a ere ez da salbuespena izan zentzu horretan. Karkara.eus-en kasuan, 2016a inflexio puntua izan zen: lehen aldiz, bisiten erdia baino gehiago (%51,83) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2021ean, berriz, herritarren %76,96k erabili dute eskuko telefonoa Karkara.eus irakurtzeko. Aldiz, ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisiten kopuruak %19,68 eta %3,36 izan dira, hurrenez hurren.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak, berriz, ikaragarriak izan dira beste urte batez. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2021ean: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 8.655.328 bisita izan zituzten iaz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!