Iñaki Oliden: "Proba ez genuen ondo hasi, baina idiak lasaitzea lortu eta txapela irabazi dugu"

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 18a, 15:31

Saizar sariketaren finala irabazi dute bart Iñaki Oliden idiek. Idi zalea oso kontentu agertu da Rubiok eta Gorrik osatutako pareak denboraldian zehar egin duten lanarekin. Lau garaipen lortu dituzte guztira. 

Iñaki Olidenen idiek beste garaipen bat lortu zuten astelehen iluntzean Elgoibarren. Saizar sariketaren finala jokatu zuten denboraldian zehar onenak izan diren Gipuzkoako kintopeko idiek, eta horien artean onenak izan ziren Rubio eta Gorri. Ohi bezala, Olidenek jardun zuen haien itzai lanetan. 

Denboraldiko laugarren garaipena du Olidenek. Azaldu duenez, dema "oso gogorra eta maila handikoa" jokatu zuten, eta garaipena garesti jarri zioten aurkariek. "Denboraldi honetako emaitzei erreparatuta, faboritoak ginela esaten ziguten, baina finalak jokatu egin behar izaten dira; edozer gerta liteke halako egunetan", adierazi du. 

Eskualdeko beste pareak, Errezilgo Bixkienak, abiatu zuen lehia probalekuan, eta 51 plaza egin zituzten. Ondoren, Lezoko Olatzarren pareak 54 plaza egin zituen, Elgoibarko probalekurako "marka oso ona", Olidenen hitzetan.  Oriotarraren idiak azken txandan atera ziren, eta ez zuten esperotako hasiera izan. "Elgoibarko probalekua nahiko irristakorra da, eta idiak ez ziren batere seguru ibili hasieran, nahi baino gehiago labaintzen ziren. Eguraldi oso hotza ere egin zuen, eta horrek ere ez zuen lagundu. Pixkanaka, idiak lasaitzea lortu genuen, eta zorionez, konfiantza hartzen joan ziren. Hala, lan aparta egin zuten, proba 56 plaza eginda amaituz", azaldu du. 

Bi idiekin "oso gustura"
Kintopeko idien denboraldia azkenetan da, eta Oliden oso kontentu dago Rubiok eta Gorrik egin duten lanarekin. "Elkar errespetatzen duten idiak dira, bikote oso ona osatzen dute. Momentu zailetan, badakite elkarri laguntzen".  Aurtengo kintopeko probetan izan den "maila ikaragarria" nabarmendu du idi-zaleak, bost pare oso berdinduta ibili baitira aurreneko postuetan. "Garaipenak oso garesti egon direla kontuan izanda, oso gustura nago hilabeteotan lortu ditugun emaitzekin". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!