Aian zein Orion, langabezia tasak puntu eta erditik gorako jaitsiera izan du urtebetean

Andoni Elduaien eta Aitziber Arzallus 2022ko urt. 19a, 15:00

Lanbidek emandako datuen arabera, %4,7koa da egun Aiako langabezia tasa, eta %7,4koa Oriokoa. 2020ko abenduaren amaieran, berriz, %5,2koa zen Aiakoa eta %9,2koa Oriokoa. Iazko urtearen azkenean, 49 aiar eta 234 oriotar zeuden lanik gabe, urtebete lehenago baino hamasei eta 56 gutxiago, hurrenez hurren.

Urtebetean behera egin du langabezia tasak bai Aian eta bai Orion. Lanbidek emandako datuen arabera, 2021eko abenduaren amaieran %4,7koa zen Aiako langabezia tasa eta %7,4koa zen Oriokoa. Urtebete lehenago, 2020ko abenduaren amaieran, ostera, %5,2koa zen Aiakoa eta %9,2koa Oriokoa. Egun, bi herrietako langabezia tasa Gipuzkoako (%8,7) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestekoaren (%10,7) azpitik dago. Dena dela, behera egin dute hango langabezia tasek ere: Gipuzkoako tasa %9,8koa zen 2020ko abenduan, eta hiru lurraldeetako bataz bestekoa, %12,1ekoa. Urola Kosta eskualdean ere behera egin du tasak, %9,8koa izatetik %7,5ekoa izatera igaro baita joan den abenduan.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, 2021aren amaieran 49 lagun zeuden lanik gabe Aian, urtebete aurretik baino hamasei gutxiago; eta 234 lagun zeuden Orion, 2020aren amaieran baino 56 gutxiago. Aiako langabe horietatik guztietatik 21 gizonezkoak ziren –2020an, 26 lagun–, eta 39 emakumezkoak –2020an, 28 lagun–. Orioko langabeetatik, berriz, 94 gizonezkoak ziren –2020an, 125 lagun–, eta 140 emakumezkoak –2020an, 165 lagun–Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, 2021eko abenduan 25 urtetik beherakoen artean zazpi aiar – hiru gizon eta lau emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 16 herritar –bost gizon eta 11 emakume–; eta 45 urtetik gorakoen artean 23 lagun –hamahiru gizon eta hamar emakume–. Orion, berriz, 25 urtetik beherakoen artean hamasei herritar –bederatzi gizon eta zazpi emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 111 herritar –40 gizon eta 71 emakume–; eta 45 urtetik gorakoen artean 107 lagun –45 gizon eta 62 emakume–.

Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek. Aian, bi ziren nekazaritza sektorekoak, bederatzi industriakoak, bost eraikuntzakoak eta 31 zerbitzuetakoak; horrez gain, bi lagun zeuden lehendik enplegurik gabe. Orion, zortzi ziren nekazaritza sektorekoak, 28 industriakoak, hamazazpi eraikuntzakoak eta 159 zerbitzuetakoak; horrez gain, 22 lagun zeuden lehendik enplegurik gabe.

Eskualdeko datuak

Oro har, urtebetean langabezia tasak behera egin du eskualdeko herri ia guztietan; Beizama, Errezil eta Getaria dira salbuspen bakarrak. Bestalde, 2021eko abenduko langabezia tasa %7,5ekoa izan zen Urola Kosta eskualdean, 2020an baino 2,3 puntu baxuagoa (%9,8). Eskualdeko tasaren bataz bestekoa gainditzen dute Aizarnazabalek (%8,9), Azkoitiak (%8,1), Beizamak (%12,7), Zestoak (%8,6) eta Zumaiak (%8). Langabe kopuruak ere behera egin du urtebetean. 2020ko abenduan, 3.275 pertsona zeuden lanik gabe Urola Kostan, eta urtebete beranduago 2.858 zeuden.

Abenduan, eskualdean lanik gabe zeuden lagunetatik 1.210 (iaz, 1.467) gizonezkoak ziren, eta 1.648 (iaz, 1.808) emakumezkoak. Lanik gabe zeuden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko herri guztietan, Errezilen izan ezik. Honako hauek dira Urola Kostako langabezia tasak herriz herri:

  • Aia %4,7 (iaz, %6,2)
  • Aizarnazabal %8,9 (iaz, %13,2)
  • Azkoitia %8,1 (iaz, %9,1)
  • Azpeitia %7,5 (iaz, %9)
  • Beizama %12,7 (iaz, %8,5)
  • Errezil %6,6 (iaz, %5,7)
  • Getaria %6,8 (iaz, %6,7)
  • Orio %7,4 (iaz, %9,2)
  • Zarautz %7,3 (iaz, %8,4)
  • Zestoa %8,6 (iaz, %9,3)
  • Zumaia %8 (iaz, %9)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!