Basurdetarako afizioa, ia-ia obligazioa

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 29a, 09:00

Irailetik apirilera, asteburuak eta jaiegunak okupatuta izaten dituzte Jesus Mari Portularrume Portuk, Arkaitz Etxarrik eta Xabier Astigarragak. Basurde ehiztariak dira, inguruko herrietako 45 bat lagunek osatzen duten kuadrillakoak. Beste ezeren gainetik, zaletasuna dute ehiza, baina basurdeen ugaritzea dela eta, presionatuta sentitzen direla salatu dute; afizio zutena, obligazio bihurtzen ari zaiela. 

Arkaitz Etxarri (Ereñotzu, Hernani, 1979) Aiako bizilagunak pikondo baten azpian jarri eta balinarekin tiroka pasatzen zituen arratsaldeak umetan. Jesus Mari Portularrume Portu-k (Aia, 1971) eta Xabier Astigarragak (Orio, 1973) ere antzerako oroitzapenak dituzte; hango zepoa, hemengo tranpa... Ehizarako a zioa etxetik jaso dute hirurek. "Baserri giroan hazitakoak gara eta gurasoak eta izeba-osabak beti ibili izan dira ehizean: hasieran, erbitan; gero, azeritan; eta horiek denak bukatu zirenean eta basurdea ugaritzen hasi zenean, basurdetan", esan du Portuk. "Normalean hala izaten da, umetan hasten da zaletasuna sortzen, eta gaztetan hasten zara praktikatzen", jarraitu du Etxarrik. "Oso arraroa da etxean giro hori bizi ez duen batek basurdetan hasi behar duela erabakitzea, edo 40 urterekin arma dendara joan, erri ea erosi eta basurdetan hastea". Hala ere, ehizarako sena ekarri egiten dela ziurtatu dute hirurek, etxean hori ikusten duten denak ez direla ehiztariak irteten. Astigarragak jarri du adibidea: "Gu lehengusu pila gara, eta ehiztariak gutxi; arreba eta biok, ordea, amorratuak".

Aukera izan zuten bezain pronto hasi ziren basurdetan, "17 bat urterekin", zehaztu du Portuk, eta gaur egun, kuadrilla bereko kide dira hirurak. Etxarrik eman ditu azalpenak: "Gipuzkoan, basurdetan ibiltzen diren 51 kuadrilla daude, eta gurea da horietako bat. Kuadrilla bakoitzak ehizarako bere eremua dauka; gurea da Aia, Orio, Zizurkil, Asteasu eta Aduna ingurua, eta kuadrillako jendea ere herri horietakoa da". 45 bat lagun dira kuadrillan, denak gizonezkoak bat izan ezik, Astigarragaren arreba, eta adinari dagokionez, denetariko jendea dagoela diote. "Lehen, gehiago ziren zaharrak; baina, azkenaldian, jende gaztea ere hasi da pixka bat mugitzen. Gazteenek 18-20 urte izango dituzte, eta zaharrenak 80 bat urte izango ditu", zehaztu du ereñotzuarrak.

Basurde ehiztariek irailean hasten dute denboraldia, eta zazpi bat hilabetez aritzen dira jo eta su, apirileko bigarren asteburura arte. "Garairik onena, oraingo hau izaten da, abendu-urtarril ingurua: fresko egiten du, mendian hostorik ez dago...", esan du Astigarragak. Txarrena, berriz, iraila izaten dela baieztatu du Etxarrik: "Artean bero egiten du, mendia jantzia egoten da, eta txakurrekin beldurrez ibiltzen gara. Izan ere, txakurra, ardia bezala, pixka bat estutuz gero, bertan gelditu daiteke bero kolpeak jota".

Gogoan dute lehen denboraldia dezente motzagoa izaten zela, otsailean amaitzen zutela, baina duela urte batzuk, luzatzea erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Porturen arabera, "basurdea ikaragarri dagoelako". Aitortu du denboraldia luze egiten dela: "Gogorra egiten da astebururo-astebururo hor ibiltzea, eta geldialdi bat egitea denoi etortzeko zaigu ondo, gero berriz ere gogoz hasteko".

Basurdeen ugaritzeaz diotena egia dela ziurtatzeko, datuetara jo du Etxarrik: "2010-2011 denboraldian, 1.216 basurde ikusi eta 619 bota genituen; 2015-2016 denboraldian, 2.356 ikusi eta 1.266 bota; eta iaz, 4.013 ikusi 2.644 bota". Gipuzkoa guztiko datuak dira horiek, 51 kuadrillek ikusitakoen eta botatakoen baturak. Datu horiek erakusten dute azken hamar urteotan urtez urte hazten joan dela Gipuzkoako basurdeen populazioa, eta gaur, duela hamar urte baino ia lau aldiz basurde gehiago daudela Gipuzkoako mendietan.

Ehiza egun bat

Denboraldian, ostegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan dute ehizara irteteko aldundiaren baimena, eta zortzi-hamar laguneko taldea elkartzeko modua duten guztietan ateratzen dira, hori baita eskatzen dieten gutxieneko kopurua.

Goizean goiz ekiten diote lanari, eguna argitzerako, Porturen esanetan. "Normalean basurdeak gauez ibiltzen dira eta egunez gorde egiten dira; hortaz, guk egin behar izaten duguna da non gordetzen diren topatu. Aurrena, hamar bat lagun-edo juntatzen gara, batzuk zakurrekin, eta arrasto bila hasten gara han eta hemen. Batzuetan jakiten dugu gutxi gorabehera nondik hasi, baserritarrek abisatu egiten digutelako basurderik inguruan ikusiz gero".

Basurderen bat atzematen dutenean, diputazioari jakinaraztea izaten dute lehendabiziko eginbeharra. Portuk jarraitu du hizketan: "Basurde bat topatzen dugunen, batida edo uxaldia egiteko aukera edukitzen dugu, baina legezkoa izan dadin, diputazioa jakinaren gainean jarri behar izaten dugu. Horretarako, aplikazio bat daukagu, eta ezertan hasi aurretik, fitxa bat ireki behar izaten dugu dena zehaztuz: zer kuadrilla garen, gure eremuko zer tokitan egingo dugun eta abar. Parte hori ireki gabe, ez daukagu batidarik egiterik, edozer gertatzen dela ere, hori izango bailitzateke diputazioaren baimenpean ari garela frogatuko lukeen agiria. Gainera, tresna horren bidez, diputazioak berak ere batiden gaineko informazio guztia eskura izateko aukera dauka".

Behin aldundia jakinaren gainean jarrita, kuadrillako gainontzekoei Whatsappez abisua pasatzen diete, eta basurdea ikusi duten lekura gerturatzen dira haiek. "Zakurdunak sartzen dira basurdea lokalizatuta daukagun lekura, eta gainontzekook eremua itxi egiten dugu; horixe izaten da batida".

Uxaldiak beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta egiten dituztela ziurtatu dute, mendian dabilen inor arriskuan jar ez dezaten. "Ixten dugun eremua seinaleztatzeaz gain, geu egoten gara zaintzen, batida egin behar dugun eremura inor sar ez dadin", adierazi du Portuk. Aitortu du tarteka herritarrekin gorabeherak izaten dituztela: "Batzuek ulertzen dute zertan ari garen; beste batzuk, ordea, ez, eta eztabaidaren batzuk izaten ditugu. Saiatzen gara jendea ahalik eta gutxien molestatzen, eta sarritan, nahiz eta jakin leku batean basurdeak dabiltzala, batidarik ez egitea erabakitzen dugu, herritarrei traba egitea saihestearren".

Behin batida bukatutzat eman eta erretiroa jotakoan, txakurrak bildu eta botatako basurdeak menditik atera behar izaten dituzte. "Batzuetan, zakurrak biltzea ez da izaten nolanahiko lana. GPSen laguntza badaukagu, baina, hala ere, denbora asko pasa daiteke Aztarnei jarraika topatzen dituzte basurdeak. Eguna argitu aurretik ekiten diote lanari, eta gutxienez 16:00ak jotzen dizkiete berriz etxera bueltatzen direnerako. erretiroa jotzen dugunetik benetan erretiratzen garenera", adierazi du Astigarragak. Denak inguratzen dituztenean, Santion daukaten txabolara jaisten dira azken lanak egitera: basurdeei tripak atera eta haiek zintzilikatzera. Etxera bueltatzerako, gutxienez 16:00ak jotzen dizkietela esan dute, eta ilunduta itzultzen diren egunik ere izaten dela.

Botatakoak, harakinari

Hala ere, Santioko txabolan garai batean baino ordu gutxiago sartzen dituzte orain. Portuk azaldu du zergatia: "Garai batean egiten genuena zen basurdea zatitu eta geure artean banatu aprobetxatzeko. Baina, horretarako, tripak atera ez ezik, larrutu ere egin behar izaten genuen, eta hurrengo egunean, puskatu eta banatu. Horrek zer suposatzen zigun? Basurde bakoitzari analisiak egin behar izaten genizkiola trikinarik zuen jakiteko, eta analisiak egitea basurdeko hogei bat euro kostatzen zitzaigun. Atera kontuak: ehun basurde botatzen baditugu, bakoitza hogei eurora, 2.000 euro dira analisitan bakarrik, guretzako dirutza".

Duela hiru urtetik, ordea, beste irteera bat ematen diete botatako basurdeei. "Horretan ibiltzen den harakin bati ematen dizkiogu", esan du Etxarrik. "Harakin horrek ehizatutako generoarekin egiten du lan; basurdeekin txorixoak, saltxitxoia, patea eta abar egiten ditu, eta saldu. Guk tripak atera bakarrik egin behar izaten dizkiogu basurdeari, eta handik aurrerakoez bera arduratzen da".

Ehiza egun batean zenbat basurde bota ditzaketen galdetuta, hori aurrez kalkulatzerik ez dagoela esan dute hirurek. "Bota genezake bat, bota genitzake dozenerdi bat, eta batere gabe ere bueltatzen gara batzuetan", adierazi du Astigarragak. Denboraldi guztian zenbat bota ohi dituzten galdetuta, berriz, azken urteetan ehundik gorako kopuruetan dabiltzala esan dute, eta iaz, berrehun bat bota zituztela. Porturen arabera, orain dela urte batzuk kopuru horietara ailegatzea "pentsaezina" zen: "Orain dela 30 bat urte, denboraldi guztian hogei basurde botatzea ikaragarria zen".

Orain lehen baino basurde gehiago botatzen dituzte, askoz gehiago daudelako, eta ugaritze hori mendiak zikin daudelako gertatu dela baieztatu dute. Astigarragaren hitzetan, basurdeek "paradisua" daukate inguruotan. "Denetik daukate: jana, ura eta geroz eta mendi zikinagoak; hori sekulako babesa da basurdeentzat". Antzera mintzatu da Etxarri ere: "Jana daukate, lasaitasuna daukate eta indartsu daude. Orain ere, bi urtean hiru umealdi aterako dituzte, eta lehen umealdi bakoitzean bi edo hiru ume ateratzen bazituzten, orain ateratzen dituzte bost edo sei, amak oso indartsu daudelako". Hemen basurde argalik ez dagoela gaineratu du Astigarragak, "denak gizen- gizen-gizenak" daudela. "Zein da arazoa? Basoan bizitzeko nahikoa duten arren, nekazariei eta abeltzainei egundoko kalteak eragiten dizkietela, denetik jaten dutelako eta nahi dutena egitera ohituta daudelako", Etxarriren esanetan.

Presiopean

Basurdetan ibiltzeak zer ematen dien galdetuta, begiak zabaldu zaizkie hirurei. Portuk hartu du hitza: "Zaletasun handi bat da, bizi ez duen bati esplikatzeko zaila. Gauza da azkenaldian dezenteko presioa jasaten ari garela, eta ondorioz, zaletasuna zena obligazio moduan hartzen ari garela". Presioa alde guztietatik datorkiela esan du: "Diputazioaren aldetik, baserritarren aldetik, jendearen aldetik...". Etxarrik jarraitu du azalpenak ematen: "Kontuak ertz asko ditu. Batean gaude gu, ehiztariak, oso ospe txarra daukagunak eta herritarren artean gaizki ikusita gaudenak. Bestean, molestatzen diegun horiek guztiak: mendira oinez doazenak, korrika doazenak, bizikletan doazenak, animalistak... Gero daude baserritarrak, nekazari eta abeltzainak, basurdeek egindako kalteak jasaten dituztenak. Eta azkenik, tartean, diputazioa dago. Zer gertatzen da? Gu oso gaizki ikusita gauden arren, diputazioak gure behar handia duela basurde populazioa kontrolatuta izateko, beste modurik ez baitu. Nekazari eta abeltzain handiek presio ikaragarria egiten diote basurdeek eragiten dizkieten kalteengatik, eta horiek diputazioari egiten dioten presioa, diputazioak guri, basurde gehiago akabatu ditzagun. Orduan, Portuk esan duena: gure a zioa dena, ari da bihurtzen obligazio bat, eta obligazio bihurtzen den momentuan, gaizki, zaletasun batek izan behar duen gozamen puntu hori gal dezakeelako".

Horrez gain, zenbait baserritarrek eurekiko duten jarrera gaitzetsi du Astigarragak: "Batzuekin ondo konpontzen gara, asko eskertzen digute egiten dugun ahalegina; baina beste batzuek...". "Jartzen gaituzte guk kulpak izango bagenitu bezala, nahikoa saiatuko ez bagina bezala", adierazi du Portuk. "Kexatzen dira basurdeek sortzen dizkieten gastuengatik. Basurdeek belardietan muturkadak egiten dituztenez, belar bolak egiterakoan lurra sartzen zaie bolen barrura, eta ulertzekoa da haserrea, baina guri edozein asteburutan apo bat toka dakiguke, kolpe batean bi edo hiru zakur zulatu, eta albaitariarenera larrialdian joanda, 1.500-2.000 euro inork ez dizkigu barkatzen. Iaz 6.000 euro gastatu genituen, eta aurten ere badoaz batzuk. Hori, kontatu gabe akabatzen diren zakurrak". "Eta salbatutako batzuk ere ikusi egin behar nola gelditzen diren: seko izorratuta", esan du Etxarrik.

Apoa basurde arrari deitzen diote, eta letaginak izaten dituzte. Txakurrek eta basurdeak parez pare topo egiten dutenean, borroka egiten dute. Basurde emeekin horrenbesteko arriskurik ez dela egoten esan dute ehiztariek, baina arrak, segundo batean sekulako sarraskia egiteko kapaz direla. Letaginekin zulatzen dituzte zakurrak, eta 20 odolusteko bidean jarri. Urtero galdu ohi dituzte zazpi edo zortzi txakur.

Porturen esanetan, gauza horiek ehiza garaian gertatzea onartuta daukate, "baina denboralditik kanpo ere sarritan deitzen digute zakurrak hartu eta basurdeak uxatzera joateko". Horrela dabiltzala zerbait gertatzen bada, "denek eskuak garbitzen dituzte, eta kalteak guk ordaindu behar izaten ditugu", jarraitu du Astigarragak. "Eta guk ordaintzen ditugu basurdeek baserritarrei eragiten dizkieten kalteak ere, horretarako propio kontratatuta daukagun aseguru baten bidez". Berriro Portuk hartu du hitza: "Nolabait esatearren, gure zaletasuna praktikatzeko ordaindu behar dugun prezioa da, eta asegurua kontratatzea 2.000 eurotik gora kostatu zaigu aurten ere". Ehiztariek ordaintzen dute basurdeek eragindako kalteen parte bat, eta diputazioak ordaintzen du bestea. "Dirua zeini iristen zaion eta zeini ez, hori ez dakit, baina hor guk ez daukagu zerikusirik". Etxarrik zehaztu du azken puntu hori: "Kalteak neurtzeko baremo batzuk nekatuta daude, baina baserritar txikiak inoiz ez dira horietan sartzen, eta kalte ordainak jasotzen dituzten bakarrak handiak izaten dira".

Babesa eta erraztasunak

Hori guztia ehiztariei presio egiteko modua dela gaitzetsi du Astigarragak: "Iaz 100 basurde bota bagenituen, aurten 150 botatzea exijitzen digute". Portuk azaldu du nola egiten duten hori: "Botatzen dugun animalia bakoitzari prezinto bat jarri behar izaten diogu, eta prezinto horiek diputazioak ematen dizkigu denboraldiaren hasieran. Bada, aurten 100 botatzen baditugu, datorren urtean 140 prezinto emango dizkigute, eta kopuru horretara iristera bultzatzen gaituzte".

Honetan guztian arazo bat ikusten du Etxarrik: "Gauzak bulegoetan erabakitzen direla, eta mendian gabiltzanon hitzak ez duela ezertarako balio". Zentzu horretan, garbi mintzatu da Portu: "Gu urtebetean geldirik egongo bagina, ez dago imajinatzerik zer geratuko litzatekeen. Kalkulatu: lehengo urtean 200 bat basurde bota genituen, erdiak emeak, eta bakoitzak seina ume atera izan balitu... Eta horietaz aparte, mendian gelditzen direnak. Baserritarrena gutxienekoa litzateke; hasten direnean basurdeak kalera jaisten eta istripuak sortzen, zoritxar handiak gerta litezke".

Horiek horrela, babesa eskatu dute, "basurdetara ateratzen garenean, gure zaletasuna praktikatzeaz gain, zerbitzu publiko bat ematen ari garelako". Eta erraztasunak, segida kolokan ikusten dutelako. "Armak erabiltzeko baimenak eta lizentziak lortzea ikaragarri zaila jarrita dago", Astigarragaren esanetan. "Hemendik aurrera ateratzen diren ehiztariek berezko sen eta gogo handia ekarri beharko dituzte, dena kontra baitute", bukatu du Etxarrik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!