Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID ziurtagiririk ez da beharko gaurtik aurrera

Julene Frantzesena 2022ko ots. 4a, 10:01

Eusko Jaurlaritzak erabaki du neurri hori bertan behera uztea, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia eta egoera epidemiologikoa tarteko. Espainiako Gobernuak, berriz, aire zabalean maskara erabiltzeko agindua ere bertan behera utziko du datorren astean.

Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera indargabetzeko agindu bat kaleratu du gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAA). Horrenbestez, gaurtik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute osasun ziurtagiririk eskatuko gaueko aisialdian eta 50 bezero baino gehiagorentzat lekua duten jatetxeetan.

Erabaki hori hartzera EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak eraman du Jaurlaritza. Izan ere, erakundeak ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko –hotelak, turismo ostatuak eta joko aretoak– egindako eskaerari ezezkoa eman zion auzitegiak asteartean. Gainera, Jaurlaritzak esan du egoera epidemiologikoari ere erreparatu diola erabakia hartzerakoan. Halaber, Osasun Sailak "zuhur" jokatzea eskatu du.

Azaroaren 17az geroztik izan da indarrean ziurtagiriaren derrigorrezko erabilera, eta eztabaida ere piztu du haren erabilerak. Izan ere, neurria indarrean jarri zenetik osasun ziurtagiriaren kontrako protesta bat baino gehiago egin dira han eta hemen –Orion, esaterako, abenduaren 31n elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek–.

Aire zabalean maskararik ez

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Espainiako Ministroen Kontseiluak aire zabalean maskararen erabilera derrigorrezkoa ez dela izango dioen errege dekretua sinatuko du datorren asteartean. Joan zen abenduaren 24an ezarri zuen Espainiako Gobernuak maskara aire zabalean erabiltzeko derrigortasuna, baina datorren ostegunetik aurrera bertan behera geldituko da neurri hori.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!