Joxe Angel Uzkudun: "Dirua jaten gastatu behar genuke, eta ez botiketan"

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 16a, 12:26
Arantxa Tapia, Joxe Angel Uzkudun eta abeltzaintza eta nezkaritza sektoreetako hainbat eragiletako ordezkariak, Aiako Agerresoro Haundi baserriko ukuiluan, urtarrilaren 13an. (Irekia)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abeltzaintza ereduaren onurez eta balioaz jardun zuen Arantxa Tapiak urtarrilaren 13an, Aiako Agerresoro Haundi baserriko ukuiluan egin zuten ekitaldian. Lekuko zuzen-zuzenak izan ziren Joxe Angel Uzkudunen (Aia, 1969) behiak. Esnetarako 120 buru ditu aiarrak, eta antzutu ahala, gizendu haragitarako saltzen ditu. Horrez gain, Urkaikoko presidentea ere bada; hogei bat urte daramatza karguan. Sektorearen egoera ederki ezagutzen du, eta ez da batere itxaropentsua.

Abeltzain txikiok zer egoeratan zaudete?

Oso egoera kritikoan. Azken urte eta erdian ia %50 igo da pentsuaren prezioa, hirukoiztu egin da argindarrarena, eta gasolioa ere izugarri garestitu da. Kostuak ikaragarri handitu zaizkigu, eta gure produktuen prezioak oso gutxi. Ondorioz, itota gaude. Haragiaren prezioa esnearena baino zertxobait gehiago igo da, baina ez kostuak igo zaizkigun adina. Banaketa kateen esku gaudenez, ezinezkoa egiten zaigu azken prezioa kostuak adina igotzea, elkarren arteko gerra batean bizi baikara. Laster irtengo da Mercadona ez dakit zenbat milioi irabazi dituela esanez; eta hori da bere hornitzaileei behar adina pagatzen ez dielako eta haiei odola zurrupatzen ari delako. Eta guri bezala, beste nekazari eta abeltzainei ere bai.

Zeintzuk dira errentagarriagoak, esnetarako behiak ala haragitarakoak?

Dudarik gabe, lan gehiago du esnetarakoak, baina diru gehiago  mugitzen du. Esnearen sektorean sekulako jende pila mugitzen da, izugarri: gure kooperatibak, langileak, garraiolariak, transformatzaileak, banatzaileak, teknikari, pentsu-etxe, botika-etxe, makina-zale eta abar eta abar, ezingo nuke bukatu.

Makroetxaldeen inguruan eztabaida sortu da azkenaldian, eta besteak beste, zalantzan jarri da haiek ekoizten duten haragiaren kalitatea.

Haragia ekoizten duten makroetxaldeen zaku berean sartu genitzake esnea ekoizten duten makroetxaldeak ere. Haien helburu bakarra da produktua ahalik eta preziorik baxuenean ateratzea, kalitateari begiratu gabe; guk, berriz, herritarrentzat elikagai osasungarri eta kalitatezkoak ekoizteko lan egiten dugu, animalien ongizatea ere kontuan hartuta.

Urkaiko kooperatiba Urola Kostako abeltzainek sortu zuten duela 30 bat urte, hiltegi bat eraikitzeko helburuarekin. Gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehunka abeltzain biltzen ditu, eta produktuak merkaturatu arteko zerbitzu guztiak eskaintzen dizkie haiei. Kooperatibak zenbaterainoko babesa ematen dizue?

Abeltzain batek sal diezaioke haragia zuzenean harakin bati, baina, zoritxarrez, harakinak ere geroz eta gutxiago gelditzen dira. Eta beste aukera da banaketa kate handiei saltzea: Eroskiri, Uvescori, Mercadonari, Carrefourri, Alcampori, Macrori, Lidli... Horiengana ez daukagu bakarrik joaterik.

Banaketa kate horiekin prezioak hitzartzeko-eta arazorik izaten al duzue?

Izugarrizko arazoak, gainera. Sekulako gerra daukagu, ezin dugu negoziatu. Eta denak dira berdinak; bai kanpokoak eta bai hemengoak. Nondik zentimoa jaitsiko, besterik ez dute ikusten. Gero bai, iragarkiak egingo dituzte, eta harro esango dute bertako produktuak saltzen dituztela eta bertako ekoizleak babesten dituztela. Baina hori gezurra da; guk egunerokoan sentitzen duguna da ito egin nahi gaituztela.

Eta kontsumitzaileek zer lehenesten dute, prezioa ala kalitatea?

Argi eta garbi, prezioa. Hitz egin bai asko, eta kontzientziatuta dauden itxura eman, baina dendara joandakoan, merkeena eramaten dute etxera. Duela 50 urte, herritarrek soldataren %55 jatekoa erosten gastatzen zuten; 2012an, %25; eta 2018an, %12,5. Telekomunikazioetan jaten adina gastatzen du jendeak, eta aurrezten dute jateko merkeagoa erosita. Ez dakit benetan jabetzen garen, baina ikaragarria da hori. Nik uste gure ongizatean eta osasunean jaten dugunak eragin zuzena duela; eta azkenean ari garena da Gizarte Segurantzan sekulako dirutza gastatzen, elikadurari behar dena eskaintzen ez diogulako. Ez al genuke hobe orain diru pixka bat gehiago gastatzea kalitatezko janaria erosten, gero diru hori botikak erosten gastatu beharrean? 

Erlazionatuak

Bertako okela, bertakoentzat

Nerea Uranga 2022 ots 10 Aia Orio

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!