Bertako okela, bertakoentzat

Ganadua Errezilen, Etumetako zelaietan. (Nerea Uranga)

Abere etxalde handien jarduna hizpide da azkenaldian. Eskualdeko abeltzaintzak, baina, bestelako eredu bat du oinarri: ukuilu txikiak eta ertainak daude, eta bertatik bertara saltzen dute haragia.

Abere etxalde handien inguruko eztabaidaren testuinguruan, hainbat erreakzio izan dira azken hilabete eta gehiagoan. Esaterako, urtarrilaren 13an, Aiako Agerresoro Haundi baserrian agerraldia egin zuten ENBA, EHNE, UAGA eta Urkaikoko ordezkariek eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. Nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriak defendatu zituzten, eta horretarako "kontsumitzaileen konplizitatea" nabarmendu zuten.

Kanpoko merkatuaren presioak eragin nabarmena izan arren, Euskal Herrian eskala txikiko eta ertaineko abeltzaintza egiten dela nabarmendu zuten Aiako agerraldian, "gure lurretan familia nekazaritza eredu zehatza" egiten dela, alegia.


Iñaki Alkorta abeltzaina, Azpeitiko Elosiaga auzoko Garagartza Gain baserrian txahalekin. (Nerea Uranga)

Eskualdean badira esnetarako edota haragitarako abereak dituzten abeltzainak. Iñaki Alkortak (Azpeitia, 1980), piriniotar arrazako txahalak eta behiak hazten ditu, haragitarako. Abeltzaintzan aritzeaz gainera, abereen kanpainetan-eta kontrolak egiten aritzen da ukuiluz ukuilu.

Alkortak garbi dio: "Inguruotan ez dago makroetxalderik. Zehatz esateko ez dakit nik, baina seguru makroetxaldeetako haragia ere iritsiko dela inguruko supermerkatuetara, denean prezioak agintzen baitu".

Garai baten aldean, gero eta baserri gutxiagotan hazten dituzte behiak Alkortaren arabera, baina gaur egun abeltzaintzan aritzen direnen ukuiluak ere ez dira handiak: "Lehen, hemen inguruko ia baserri guztietan sei-zortzi abelburu izan ohi zituzten. Orain, askoz baserri gutxiagotan hazten da ganadua, eta oro har, abeltzaintzan aritzen garenok abelburu gehiago izaten ditugu; hala ere, ganadutegi handiekin edota makroetxaldeekin ez dago konparatzerik. Abeltzaintza estentsiboa egiten da inguruotan".

Azpeitiko Elosiaga auzoko Garagartza Gain baserrian hazten eta edukitzen ditu txahalak Alkortak; behiak, berriz, alokairuan hartuta daukan ukuiluan, auzoko beste baserri batean dago hori. "30 bat behi ditut, eta kanpoan, hogei bat hektareatan, ibiltzen dira urtean zortzi-bederatzi hilabetetan; negua nolakoa egiten duenaren arabera, urtean hiru edo lau hilabete ukuilu barruan egiten dituzte. Txahalak, berriz, beren amarekin, errapean, ibiltzen dira sei bat hilabete egin arte. Bukaerako gizentzeko fase hori bai ukuiluan pasatzen dutela, baina ez dago alderatzerik beste ganadutegi erraldoi horietan hazten dituzten moduarekin, inola ere ez".

"Ahulenari eraso"

Purinekin abeltzainek eragiten duten kutsadura ere aipatu izan da abere etxaldeei buruz zabaldutako eztabaidan. Kontu horrekin "ahulenari eraso" egiten zaiola iritzi dio Alkortak. "Ingurura begira jarri eta ikusi besterik ez dago, etxe bakoitzean bi auto dauzkagu gutxienez, industriak kutsatzen duena hor dago, bidaiek, abioia, trena… eta fokua purinen kontuan jartzea izugarria iruditzen zait. Ziur gure arloan ere gauzak hobetzeko daudela, eta ari gara hobeto lan egiteko gauzak egiten. Baina kutsatzearen kontu horretan guri kontuak eskatzen ibiltzea… Hemen behintzat ez! Niri ez zait iruditzen kutsaduraren arazoa hor dagoenik. Falta zaiguna da munduko kutsadura arazoaren muinean gu jartzea, lehenago nondik hasi badagoela uste dut".

Nekazarien eta abeltzainen jarduna garrantzitsua da inguruak zainduta eta garbi edukitzeko. Abereak belardietan, larreetan, mendian… ibiltzea "oso garrantzitsua" da, Alkortaren arabera. Hala ere, askotan kaleko jendeak hori horrela ez du ikusten. "Pandemiaren ondorioz, jendea mendira irteten hasi zen, eta asko sekulako exijentziekin eta kexatzen hasi ziren: langak edota itxiturak zirela, ganadua zebilela mendian, pasabide batzuk zikinak zeudela… Nik uste dut, ordea, balioa eman behar zaiola baserritarrak inguruko lurrak zaintzen eta garbi mantentzen egiten duen lanari; jendea horren jakitun izan behar da. Horrek guztiak zer eskatzen du? Kaleko jendeak ahalegin bat ere egin behar duela horrek hala jarrai dezan. Hau da, bakoitzak zer erosten duen, hura ari da bultzatzen. Jendeak erosteko garaian egiten duen aukeraren arabera, eredu baten edo bestearen alde egiten du".

Konparaziorik ez

Baserritarrek kalitatearen alde egiten dutela, eta hori hobea izateko ahaleginak egiten dituztela dio Alkortak: "Baserritarrok saiatzen gara ahalik eta lanik onena egiten, eta prezioarekin ezin dugu lehiatu, baina bai kalitatearekin, ordea. Kalitatezko produktua ateratzen eta eskaintzen dugu, eta gainera, horri garrantzi handia ematen diogu. Munduaren beste punta batetik edota ez dakit zenbat kilometrotatik ekarritako produktua ez dago alderatzerik bertan hazitakoarekin eta hildakoarekin, bertakoen esnearekin… Hemengo produktuak oso kate motzekoak dira, eta hori produktuan antzeman egiten da".

Abeltzaintzan lana duin egitea ez dago erraza, baina. Baldintza gogorrak dira eta etekinak txikiak. Arlo horretan jarduteko, lanbidea "gustukoa" izan behar dela dio Alkortak, bai ala bai. Abereek kontrolak eta inspekzioak pasatu behar izaten dituzte, eta pentsuaren eta gasolio prezioak “gora eta gora” egiten ari dira azken urtebete pasatxoan. "Beste lanpostu askotan langileen eskubideak-eta aldarrikatzen dituzte, eta hori oso ondo dago, egin beharrekoa delako. Baina jende batek ikusiko balu zer baldintzatan ari diren baserritarrak lanean… ez dago sinisterik; egunero egiten du lan, eta ordu pila bat. Exijentzia handiak daude baserritarrentzat, eta etekinak txikiak dira".

Azken urtebetean pentsuak, erregaiek eta argindarraren prezioak egin duten gorakadaren aurrean, baserritarrek ere beren produktuen prezioak "zerbait igo beharra" eduki dute. "Kontua negargarri jarri da, eta sektore honetan lanean ari den asko gaizki ikusten da".

Orain dela hogei urte ekarri zuen aurreneko txahala Garagartza Gain baserrira Alkortak. Inori ezer esan gabe erosi zuen lehen abelburua. "Abeltzaintza gustatu egiten zaidalako, bestela ez dago-eta lan hau egiterik, lanbide lotua baita. Afizio bat da, barruan daukazun harra da. Aspaldi esan zidan niri baserritar batek: 'Iñaki, hik zer uste duk, hau droga gogorra duk gero!'. Eta egia da, katigatu bezala egiten zaitu lanbide honek, eta ez bazaizu gustatzen ez dauka zentzurik honetan jarduteak, etekinik ez dago…".

Gustuko tokian aldaparik ez dagoela dio esaera zaharrak, baina baserriko lana eta abeltzaintza gustukoak izan arren, pena galantak ere hartzen direla aitortu du Alkortak. "Animaliek pozak ematen dituzte, baina baita nahigabeak ere: erditzerakoan behia hiltzen denean, txahala hilda jaiotzen denean… Ez da balio ekonomikoa bakarrik, animalia bat hiltzeak izugarrizko pena ematen dit niri".

Prozesu osoaren jabe

Lehen sei hilabetera arte-edo edukitzen zituen txahalak baserrian Alkortak, eta gero tratanteari saltzen zizkion. Baina, era horretan jardunda, zikloa bukatu gabe gelditzen zitzaion sentsazioa izaten zuen. Egun, baina, ziklo osoa egiten du. "Lana bukatu dudanaren sentipenarekin gelditzen naiz orain", dio. "Etxean jaiotzen zaizkit txahalak, neuk hazten ditut, gizendu eta Iraetako hiltegira eramaten ditut; han hil ondoren, haragia Elikagunera eramaten dut saltzeko. Halako satisfazio bat ere ematen dit herrian saltzeak. Azkenean, zuk egindako lan eta produktu horri buruz jendearekin, eroslearekin, hitz egiten duzu, eta badakizu, gutxiago edo gehiago, nork kontsumitzen duen". Kilometro gutxiko eremu batean betetzen du bere jardunaren zikloa Elosiagakoak. Gutxi-asko, eskualdeko abeltzainen eta baserritarren eredua ere horixe da; makroetxaldeekin alderatuta, bestelakoa oso.


Manuel Odriozola harakina, harategian lanean. (Nerea Uranga)

"Kalitatea bertan dago"

Manuel Odriozola (Azpeitia, 1962) harakina da, eta Azpeitiko Erdikalean du harategia. Eusko Labelaren haragiarekin egiten du lana Odriozolak. Inguruko harategietan herriko edota gertuko abeltzainen haragia saltzen dutela azpimarratu du azpeitiarrak. "Guk badakigu non jaiotako eta hazitako aberea den, non eta noiz hil den… Beraz, kontsumitzaileei eskaintzen diogun haragia gertukoa izan ohi da. Eusko Labelen sartuta egoteak hori bermatzen digu, baina hor sartu gabe dauden inguruko harakinek ere bertako produktua erabiltzen dute oro har".

Txahal bat edo bi hiltzen ditu astean Odriozolak. "Haragi asko ere ez dugu behar izaten, eta inguruko baserrietako abeltzainek eskaintzen digutenarekin nahikoa izaten dugu. Ondorioz, makroetxaldeetara jotzeko beharrik ez dago. Bertan hazten eta hiltzen denarekin nahikoa dugu".

Hala ere, behiak eta txahalak hazten dituzten baserritarrak gero eta gutxiago direla dio Odriozolak. "Garai batean, baserri askotan hazten zituzten abelburuak, baina horiek ere gutxitzen eta gastatzen ari dira, baserritarrak ere asko ari direlako gutxitzen. Hala ere, badira abeltzaintzan aritzen diren ukuiluak inguruan: Premietxeberrin, Beizaman…".

Kontsumitzaileak ez du ohiturarik harategira joan eta nongoa den galdetzeko. Baina horrek badu arrazoi bat Odriozolaren arabera: "Eguneroko bezeroak eta herrikoak dira gureak, eta elkar ezagutzen dugu; konfiantza dago. Baina hedabideetan ganaduarekin, makroetxaldeekin… lotutako albisteak irteten direnean, orduan galdera gehiago izaten da".

Odriozolak garbi daukana da "kalitatezko produktuekin" egiten dutela lan, eta hori hala izan dadin "bertakoa" eskaintzen dutela: "Gugatik eta bezeroengatik, produktu ona eskaini nahi izaten dugu. Gainera, ondo jateko leku ederrean bizi gara, mendia eta itsasoa bertan ditugu eta".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!