Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Uemak eta Orioko Udalak

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 31a, 11:02

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi dute horiek. Apirilaren 4tik ekainaren 30era egin ahal izango da aitorpena, eta herritarrek euskaraz egiteko eskatu ahal izango dute. Orioko 3.213 herritarrek egin zuten 2020ko errenta aitorpena iaz, eta horietatik %28,94k gauzatu zuten euskaraz. Aian handiagoa izan zen portzentajea: 1.033 herritarrek egin zuten errenta aitorpena, horietatik %36,4 euskaraz.

Gipuzkoako Foru Ogasunak apirilaren 4an hasiko du 2021eko errentaren eta ondarearen aitorpena egiteko kanpaina, eta urtero legez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) aitorpena euskaraz egiteko deia egin du, hainbat eragilerekin eta udalekin elkarlanean; tartean, Orioko Udala. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi dute horiek. Zehazki, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Apirilaren 4tik ekainaren 30era izango da errenta aitorpena Gipuzkoan egiteko aukera. Uemak azaldu duenez, azken urteetan gora egin du errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak, baina hala ere, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, datuok izan daitezkeenetik "oso urrun" daude. Horregatik, administrazioa euskalduntzeko bidean "eredu" izan nahi duela azaldu du Uemak, eta "garrantzitsutzat" jo du errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea.

Aitorpena euskaraz egiteko bideak hainbat dira –autolikidazio proposamena onartu, modu mekanizatuan zein Internet bidez–, eta herritarrek euskaraz egin nahi dutela adierazi beharko dute aukera hori hautatuta edo ogasuneko langileari adierazita. Aitorpena aholkularitza bidez eginez gero ere, eska daiteke aitorpena euskaraz egitea.

Iaz, %28,94k euskaraz

Orion 3.213 lagunek egin zuten 2020ko errenta aitorpena iaz, eta horietatik %28,94k gauzatu zuten euskaraz. Urtez urte gehiago dira aukera hori egiten duten herritarrak, baina, oraindik ere, askoz gehiago izan daitezke. Aian, berriz, handixeagoa da errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren portzentajea. Iaz 1.033 lagunek egin zuten errenta aitorpena, horietatik %36,4 euskaraz.

Urola Kostako herrietako 40.201 lagunek egin zuten 2020ko errenta aitorpena iaz, eta horietatik %32k gauzatu zuten euskaraz; hau da, herritarren ia herenak. Herrikako datuei erreparatuta, Errezil da iaz errenta aitorpen gehien euskaraz egin ziren herria: %52,79. Haren atzetik daude Aizarnazabal (%45) eta Azpeitia (%44).

.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!