3. Euskaraldira begira, Kostarako hiru dinamizatzaile aurkeztu dituzte

Elena Marguello 2022ko api. 1a, 16:00
Ezkerretik eskuinera, Haritz Alberdi, Eder Iturralde, Miriam Garcia, Kike Amonarriz, Peru Tolosa eta Lourdes Salsamendi. (Elena Marguello)

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute euskara sustatzeko egitasmoaren hirugarren edizioa, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Topaguneak eta Urola Kostako Udal Elkarteak sinatu dute lankidetza-hitzarmena.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa dela eta, agerraldia egin dute gaur goizean Getariako udaletxean, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak aurtengo edizioaren harira sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenaren berri emateko. Bertan egon dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Lourdes Salsamendi Urola kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Kike Amonarriz Topaguneko lehendakaria, eta Euskaraldiaren hirugarren edizioko Kosta bailarako dinamizazioan arituko diren hiru gazteak aurkeztu dituzte: Peru Tolosa Getariako eta Zumaiko dinamizatzailea, Eder Iturralde Zarauzko dinamizatzailea eta Miriam Garcia Aiako eta Orioko dinamizatzailea. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldiaren hirugarren edizioa, Hitzez ekiteko garaia lelopean.

Hitzarmenaren muina "euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea" dela adierazi dute, eta horretarako, lankidetza, herritar nahiz eragile guztien konpromisoa eta erakundeen babesa "ezinbestekotzat" jo dituzte arduradunek. Kosta bailaran proiektua dinamizatzeko Topaguneak hiru langile kontratatzea ahalbidetu du hitzarmenak. "Hiru dinamizatzaileen kontratazioen bidez, eskualdeko koordinazioa areagotu dugu, eta herrien arteko sinergiak aprobetxatzeko bideak eraikiko ditugu eta dauzkagun baliabideak optimizatuko ditugu", azaldu du Salsamendik.

Euskararen biziberritzean eragiteko asmoz, Udal Elkarteak eta eskualdeko bost udalek modu aktiboan parte hartu izan dute Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan ere, eta hasiera-hasieratik Topagunearen alboan egindako bidea balioan jarri nahi izan du Salsamendik: "Bigarren ediziorako ere hitzarmena sinatu genuen Topagunearekin. Elkarlanak emaitza oparoak eman ditu; balorazioa oso positiboa da, eta bide horretatik jarraitzeko apustua egin dugu hirugarren edizio honetan ere".

Aurreko bi edizioetan, "Euskaraldia tresna baliagarria" dela agerian geratu izana nabarmendu nahi izan du Amonarrizek. Bere hitzetan, lehen edizioak erabileran eragiteko gaitasuna erakutsi zuen eta hizkuntza jokaera berriak finkatu zituen. Bigarrenean, berriz, euskara agenda sozialean sartzea lortu zen eta entitateen garrantziaz jabetzeko balio izan zuen.

Hitzez ekiteko garaia
"Aurten, bereziki, Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzera goaz, eta hizkuntza ohiturak goitik behera astintzera. Aurtengoa hitzaren eta ekintzaren urtea izatea nahi dugu", nabarmendu du Topaguneko lehendakaria den Amonarrizek. Horretarako, herritar gehiagorengana heltzeko zein argigune gehiago aktibatzeko lan egingo dutela adierazi du.

Ariketaren eragina ahalik eta sakonena izateko, berriz, norabide bikoitzean jokatuko dutela azaldu du: alde batetik, aurreko bi edizioetan herritarrek Euskaraldiaren baitan izandako gonbitea luzatuko diete ahobizi eta belarriprest guztiei. "Parte-hartzaileak motibatzeko eta aktibatzeko, eta haietako bakoitza aldaketarako agente bihurtzeko, bide eraginkorra izango dela uste dugu bakoitzak bere buruari helburu zehatz bat jarri eta betetzen saiatzea", azpimarratu du Amonarrizek. "Aurtengo leloarekin bat eginez, iritsi da hitzez ekiteko garaia".

Euskararen egoera
Duela egun batzuk argitaratu dira Getariako kale erabileraren datuak, eta "kezkaz" adierazi nahi izan ditu datuak Haritz Alberdi alkateak: "Kezka handia dugu emaitzek: kalean %8ko jaitsiera izan du euskararen erabilerak; hau da, euskara gutxiago entzuten da Getarian duela bi urte baino".

Egoera iraultzen hasteko Euskaraldia "aukera polita" izan litekeela adierazi du Alberdik: "nahiko genuke Euskaraldia balio izatea euskararen aldeko hizkuntza ohiturak indartzeko eta euskaraz hitz egiten hasteko ohitura berriak sustatzeko. Espero dugu hemendik hilabete batzuetara kalean eragina izatea, eta euskara gehiago entzutea".

Amonarrizek Alberdiren hitzak "partekatzen" dituela aitortu du, eta "argi-ilunak" gehitu nahi izan ditu: "Herri batzuetan erabilera jaitsi egin da, eta beste batzuetan igo. Herri euskaldunenetan jaitsi da erabilera; igo, berriz, herri ez hain euskaldunetan". Datuen arabera, dinamikak "aldatzen" ari direla azaldu du, eta "lanean jarraitzea" eta erabilera "inertziaren eskuetan ez uztea" beharrezkoak direla azpimarratu nahi izan du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!