Badator Korrika

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 7a, 17:26

Euskararen aldeko hitzordu garrantzitsuena iristear da, goizaldean zeharkatuko duelako herria 22. Korrikak. Horregatik, AEK-k arratsalde osoan girotuko du herria. 15:00etan Korrika Txikia egin dute ikasleek, eta 18:30etik aurrera Korrikaren poteoa egingo da herriko taberna gehienetan. Kilometro bakoitza non den ikusi nahi? Hemen zerrenda. Azken orduko aldaketak izan ditu, eta arretaz irakurri.

Joan den ostegunean, martxoaren 30a, hasi zen Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Oriora iristear da euskararen aldarria lau haizetara zabaltzen ari den egitasmoa. Goizaldean, Zarauztik barna etorriko dira korrika herritarrak lekukoaren atzetik, 05:00etan –antolatzaileen arabera, gehienez hamar minutuko atzerapenarekin ibiltzen dira–. 

Oriotarrek Xuai gainean hartuko diete lekukoa zarauztarrei, eta Orain plataforma izango da aurreneko eragilea. Herrira Kalakari ondotik sartuko da Korrika, ibilgailuek egiten duten bide bera eginez. Moila pasatu, eta Xixario paretik Eusko Gudari kalera hartuko dute. Herrigunetik errepide nagusira itzuliko dira, Anibarko Porturantz joateko, eta handik Usurbil aldera.

Korrikak herritik irtendakoan, parte hartzaileek txokolate beroa hartzeko aukera izango dute herriko plazan.

Usurbildik Tolosaldera joango da Korrika, eta ostiraleko eguerdi partean itzuliko da berriro eskualdera; Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak. 

Korrika eskualdera iristen denean, zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza– Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan. Korrika Urola Kostara iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai Korrikaren zuzeneko bideoa, 20:00etatik aurrera. 

Herriko talde eta elkarte hauek eramango dute lekukoa Orioko ibilbidean:

  • 1.966. kilometroa (05:00), Xuai gainean: Orain plataforma.
  • 1.967. kilometroa, Xuaiko harrobi zaharraren parean: Zaragueta eskola.
  • 1.968. kilometroa, Mutiozabal inguruan: Etxeluze gaztetxea + Xaltxerak taldea.
  • 1.969. kilometroa (05:20), Herriko Plaza inguruan: Batzokia + AEK.
  • 1.970. kilometroa, Herriko Plaza inguruan: Txurrumuski aisialdi-taldea.
  • 1.971. kilometroa, Arozena zeramika-fabrikan: Herrio natur taldea + Karkara kultur elkartea.
  • 1.972. kilometroa, Ortzaika auzoan: Ikastolako gurasoak.
  • 1.973. kilometroa, Botalekuan: Ikastolako langileak.
  • 1.974. kilometroa, Saikolan: EH Bildu + presoen lagunak.
  • 1.975. kilometroa, Intxaurretan: Talai Mendi + Harribil.

Gaur hainbat ekitaldi

Korrika Txikia hasi da gauerako motorrak berotzen. 15:00etan hasi da hondartza inguruan eta, herrian barrena ibilbidea egin ondoren, Anibarko Portuan bukatu da. Pandemiak eragindako neurriak tarteko, ohi baino ibilbide luzeagoa egin dute, eta bukaerako ekitaldi jendetsurik ez dute egingo.

Hori dela eta, mezua irakurriz, Zaragueta eskolako eta Ikastolako ikasleek honako bideoa prestatu dute, herritarrei Korrika Txikian parte hartzera dei eginez.

Arratsaldean, berriz, 18.30ean Korrika poteoa egingo dute herriko taberna gehienetan, herriko trikitilariek girotuta. Honako tabernetan egingo dute pintxo-potea: Tragoxka, Kolon Txiki, Bordatxo, Mola Mola, Orioko Barra, Arkaitz, Zaharren Babeslekua, Mirotza eta Baraka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!