Oriotarrek bultzada ederra eman diote 22. Korrikari

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 8a, 08:42

Xuai gainean hasi eta Intxaurretara arte, eskuz esku eraman dute Korrikako lekukoa hainbat oriotarrek herriko eragile ugariren izenean. Goizeko ordu txikietan jaiki behar izan arren, adin guztietako ehunka herritarrek egin dute bat euskararen aldeko aldarriarekin. Arduradunak hunkituta gelditu dira herri guztietan 22. Korrikak jaso duen erantzunarekin.

Ostiral goizeko 04:20ak. Orioko kaleak hutsak daude, baina etxe bakar batzuetan argiak piztuta ageri dira jada. Herriko plazara iristear, pertsona bat. Korrikara ote doa? Ez, Il Gelato kafetegia irekitzera. Goiz samar... Beharbada, Korrika ondoren plazan dagoen txokolatada prestatzera?...

04:30ak. Plazan pertsona mordoxka elkartu da. Zaragueta herri eskolakoak dira gehienak. Aitzondotik gora dute lekukoa, eta garaiz iritsi nahi dute.

05:00etan sartzekoa da Korrika Orioko lurretan. Ordurako, tren geltoki parean taldetxoak prest daude. Lekukoa hartuko dute bertan Gaztetxekoek eta Xaltxerek. Hurrengo minutuetan, bestela joandako herritar dezente ere bertan da.

Getxoztarrak Orion

Gaztetxo talde handia dago tartean. Getxoztarrak omen dira, Algortakoak. San Nikolas Ikastolakoak. Maulen egin omen zuten korrika aurrekoan, eta gaur Orion egingo dute. Txurrukan daude aterpe hartuta.

05:20 pasatxoan, tren geltokian zain dauden herritar guztiak isildu dira. Korrikako furgonetako megafonia entzuten da, aldapan behera datoz Aitzondora gerturatzen, eta urduritasunak eta emozioak zabalduz doaz.

Jende uholdea iritsi da; asko Zarauztik datoz – tartean Urolako Komunikazio Taldeko lankideak – , Getariatik ere bai bakarren batzuk. Ziztuan pasatu dira zubirantz, baita zubitik Kalakariko aldaparantz ere. Han, derrigor, moteldu egin dute abiadura.

Herrigunean ibili ondoren, errepide nagusira itzuli dira, Anibarko Porturantz, eta handik, Usurbil aldera. Ilunpea da nagusi errepideko zati askotan, baina umorez eta ilusioz egin dute korrika herritarrek. Gaur hemen egon ezin dutenek ere sentitu dute ilusio eta emozio hori. "Lagun bat Alemaniatik ari zaigu Korrikaren zuzeneko kontakizuna egiten oraintxe bertan!", esan dute batzuek errepide bazterretik, lekukoa hartzeko zain direla.

Korrikak hori eta gehiago eragiten du. Antolatzaileak ere, eskualdekoak, gustura baino gusturago lanak amaitu dituztenean. "Goizeko ordu txikietan izan arren, jende asko eta asko atera da Korrikarekin bat egitera herri guztietan, eta momentu hunkigarriak ere egon dira. Ezin da gehiago eskatu", esan dute.

ARGAZKIAK: AEK eta Onintza Lete Arrieta

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!