Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Eider Salegi

Karkara 2022ko api. 9a, 13:00
Eider Salegi (Arnaitz Rubio Aprea)

Udako oporretan egin bezala, Aste Santuen atarian berriro jarri dugu martxan herritarren doinu kutunak ezagutzeko atal hau. Aurreneko bost doinuak Eider Salegi Mondragon Unibertsitateko ikerlari eta doktoreak aukeratu ditu.

Oso zaila egin zait 5 kantu kutun bakarrik aukeratzea. Azken batean, musika gure bizitzetako parte da; momentu, bizipen eta toki askorekin lotzen eta konektatzen gaituena, eta beraz, esango nuke norbere historiaren soinu banda abesti askok osatzen dutela. Aukeratu behar denez, ordea, sasoi ezberdinetan buklean entzun izan ditudan kantuak aukeratu ditut.

1.-Anari. Vinus, cantares y amor.

Anari beti izan da nire kantutegian ezinbesteetako bat, eta kantu bat baino gehiago aukeratuko nituzkeen arren, hau aukeratu dut. Bertsio eder-ederra iruditzen zait, transmititzen duen mezuak eta  indarrak energiaz kargatu izan nau beti. Gainera, besteak beste, Mursego, Miren Narbaiza, Maialen Lujanbio, Eider Rodriguez eta Kattalin Minerren koroek ere ukitu berezia ematen die abesti honi.

2.-Anje Duhalde. Gogoaren baitan.

Une eder eta goxo asko ekartzen dizkit gogora abesti honek. Nire bikotearekin partekatutako momentu askoren testigu izan da, eta abesti kutuna dugu etxean. Ospakizun ezberdinetan jartzen dugun abestia da.

3.- Anne Lukin, Gorka Urbizu. Lisboa

Doktorego Tesia egiten urte batzuk pasatu nituen, eta bukaerara iritsi nintzenean entzun nuen Anne Lukin eta Gorka Urbizuren abesti hau. Bukaera hari melodia jarri zion abestia izan zen! "Orain libre naiz…. Haizea bezalaaa….libre noaaaa". Tesi defentsara ere abesti hau kotxean tope jarrita abesten joan nintzela oroitzen dut!  Harrezkero, abesti kutuna eta berezia da niretzat.

4.-Ekiñe. Artelana naiz.

Ekiñe Casado arrasatearra da, eta bere lehen diskoa kaleratu zuen pasa den urtean, Besterik ez izenarekin. Emakume gazte feminista baten ahotsa halako indarrez abesteko baliatzeak txute handia ematen dit. Artelana abestia aukeratu dut, daukan mezua ere oso garrantzitsua iruditzen zaidalako; norbera den moduan onartzeari idatzita dagoelako. 

5.- Berri Txarrak. Bisai berriak

Gazteagoak ginen garaiak gogoratzen dizkit honek. Parrandak, Gazte Topaguneetara joaten ginenekoak, herrietako festak, txosnak… Oroitzapen mundialak! Gero, gainera, Elorrioko ikastolan lana egiteko aukera izan nuen urte batzuetan, eta benetan gustura egon nintzen bertan. Horrek are eta bereziagoa egin zuen abesti hau.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!