Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Imanol Urkizu

Karkara 2022ko api. 23a, 11:00

Udako oporretan egin bezala, Aste Santuen bueltan berriro jarri dugu martxan herritarren doinu kutunak ezagutzeko atal hau. Joan den astean Onintze Olasagastik eman zigun gustuko zituen bost abestiren berri, eta gaur, Imanol Urkizuren txanda da. Abesti horiek zergatik aukeratu dituen ere azaldu digu.

"Niretzat bereziak diren bost abesti aukeratzeko eskatu didazue, eta hemen doakizue nire aukeraketa eta zergatiak. Esan, nire bizitzan momentuak berezi bihurtu dituzten abestiak ekarri dizkizuedala, emozioa sortu didaten abestiak, hain zuzen".

1.- Benito Lertxundi. Euskal pizkundea.

"Lehenengo aldiz entzun nuenean oroitzapen zaharrak gogora ekarri zizkidan abestiak, nire aitona eta amona Pilliku plazan bizi zireneko etxeko irudiak gogoraraziz. Sukalde zaharra, etxe pizgarria, amonaren aulkia sutondoan…".

2.- Lluis Llach. Laura.

"Ondarroara pandero eta gitarra eskolak ematera joaten nintzenean, bidean entzuten nuen kantua; malkoa aterarazten didan abestia".

3.- Anje Duhalde. Zazpi lore.

"Melodia polita eta sentikorra; hitzak, berriz, dena adierazten dute, gizakia eta natura elkarrekin hizketan eta elkarri maitasuna eskaintzen".

4.- Kepa Junkera. Arrapaladan.

"Nola ez gogoratu Kepa Junkerarekin; omenaldi txiki bat egin nahi nioke abesti honekin. Barrua ukitzen didan abestia da. Diskoa grabatzerakoan elkarrekin pasa genituen egunak gogorarazten dizkidan kantua".

5.- Iratz. Sentipenak giltzapean.

"Oso berezia da norbere alabaren abestiak entzutea, barrua betetzen dit bere ahotsa edonon entzuteak, batez ere, giltzapean gordeta izan dituen sentipenak kanporatzen dituenean".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!