Xabier Requejo: "Errenta aitorpena euskaraz egiteko, klik bat besterik ez da egin behar"

Aitziber Arzallus 2022ko api. 18a, 10:00

Urtero bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) eta Udalak kanpaina abiatu dute elkarlanean, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egiten du helburu horrekin. Datuek diote urtetik urtera gehiago direla aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak; baina, oraindik ere, askoz gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak. Euskaraz egitea gaztelaniaz egitea baino zailagoa ote da ba?  Gerizpe Consulting-eko gestore administratiboa da Xabier Requejo, eta hark eman ditu azalpenak.

Demagun herritar bat etortzen zaizuela errenta aitorpena egiteko laguntza eske. Euskalduna bada, zuek bultzatzen al duzue errenta aitorpena euskaraz egitera?

Guk, hasiera batean, euskaraz hartzen ditugu bezero guztiak, horixe delako natural ateratzen zaiguna; eta bai, ahalegintzen gara euskaraz dakitenek errenta aitorpena eta bestelako gestioak euskaraz egin ditzaten. Egia da gure lan esparruari lotutako zenbait hitz euskaraz erabiltzea oraindik ere kosta egiten zaigula; tarteka erdarakadaren bat botatzen dugu, edo mezu elektronikoak idazterakoan eta, sarritan euskarazkoaren ondoan hitz hori gaztelaniaz nola den jarri behar izaten dugu. Dena dela, errenta aitorpena egiteko orduan ez da horrelako arazorik izaten, erabat normaldutako zerbait delako.

Herritar batek zer egin behar du errenta aitorpena euskaraz egin ahal izateko?

Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, baina denetan dago euskaraz egiteko aukera; klik bat egitea besterik ez da. Interneteko Zergabidea plataforman egiten baduzu, zerorrek jarri behar duzu administrazioarekin harremana euskaraz izan nahi duzula. Autolikidazio proposamen iristen bazaizu, onartzerakoan esan euskaraz nahi duzula, eta hortik aurrera horrela etorriko zaizu. Gestorian egiten baduzu, eskatu gestoreari aldatzeko. Eta errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu, eskatu hango langileari aldatzeko. Gure kasuan, Ogasunaren plataformara sartzen garenean, zuzenean euskarazko bertsiora sartzen gara. Gero, bezero baten errenta aitorpena egiten hasten garenean, hizkuntza aukeratu behar izaten dugu. Guk beti euskara aukeratzen dugu, baita gero bezeroari papera bi hizkuntzatan eman behar badiogu ere.

Ogasunaren bulegoetan ez al dute euskaraz egiteko oztoporik jartzen?

Mahai gainean denek izaten dute euskaraz hitz egin dezaketela dioen kartela, baina egia da batzuei segituan antzematen diezula gaztelaniara pasatzeko joera. Gure lanagatik, gu ohituta gaude toki horietan ibiltzen, eta ni beti saiatzen naiz euskaraz hitz egiten; hala ere, litekeena da urtean behin joaten den herritarra, urduritasunagatik edo, errazago pasatzea gaztelaniara, parekoak hala egiten badio. Dena dela, esan beharra dago Ogasunak eta, oro har, administrazioak, azken urteotan izan duela jarrera aldaketa bat, eta euskararekiko konpromiso handiagoa nabaritzen zaiela.

Urtetik urtera gehiago izan arren, Orion hirutik batek ere ez du egiten aitorpena euskaraz. Zergatik izan daiteke hori?

Herriko jende helduaren gehiengoak gaztelaniaz ikasi izan du, bizitza guztian gaztelaniaz irakurri eta idatzi du, eta nahiz eta egunerokoan euskaraz egin, datu inportanteak direnean eta, oraindik ere gaztelaniara jotzeko joera handia dute. Elkarrizketa guztia euskaraz egin genezake, baina data garrantzitsuak, hilabeteen izenak, telefono zenbakiak eta abar eman behar dituztenean, erdaraz gogoratzen dituzte. Nik uste horregatik izan daitekeela.

Eta gazteek, zer?

Zenbait gaztek ere badaukate ohitura hori, baina errenta aitorpenaren kasuan, normalean, euskaraz egiten dute, gehienek euskaraz ikasi dutelako. Badaude eskolan euskaraz ikasi arren, gero unibertsitate ikasketak gaztelaniaz egin dituztenak, eta agian horiek joera handiagoa dute errenta aitorpena egiterakoan-eta gaztelaniara jotzeko; baina, esango nuke, oro har, gazteek euskaraz egiten dutela.

Korrikak, Euskaraldiak eta horrelako egitasmoek arrakasta izatea garrantzitsua da, baina beti azpimarratzen da euskarari egunerokoan eman behar zaiola lekua. Zentzu horretan, urrats polita izan liteke errenta aitorpena euskaraz egitea, ezta? 

Bai, noski. Euskaraz bizi garenok ere ia oharkabean jotzen dugu gaztelaniara, eta zenbait arlotan are eta gehiago. Nik uste denok kontzienteago izan behar genukeela, eta euskarari ahalik eta lekurik handiena eman bizitzako esparru guztietan. Errenta aitorpena euskaraz egitea aurrerapauso bat izan daiteke, erraz egiteko modukoa eta, aldi berean, garrantzitsua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!