Jokin Eizmendik irabazi du Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 25a, 12:51

Joseba Ostolaza Harri Eskolako kidea lehen aldiz nagusitu da Adunan (Gipuzkoa) jokatzen den harri-jasotze lehia ezagunean. Azken urteetako txapelduna, Aimar Irigoien errezildarra, bigarren izan da aurten; eta beste zarauztar bat, Mikel Lopetegi Urra, sailkatu da hirugarren. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra zazpigarren sailkatu da.

Jokin Eizmendi zarauztarrak irabazi du Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa. 2020an eta 2021ean huts egin ondoren, atzo jokatu zuten berriro Adunan (Gipuzkoa) egiten den txapelketa. Bost harriri bina altxaldi eman eta altxaldi guztiak batuta denbora gutxien behar izaten duenak janzten du Gorostidi Harriaren txapela, eta Joseba Ostolaza Harri Eskolako kidea izan da aurten azkarrena: minutu bat eta 40 segundo behar izan zituen atzo 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra (Gorostidi Harria) bina aldiz jasotzeko

Lehen txapela du Eizmendik Gorostidi Harrian, sei aldiz txapeldunorde izan ondoren –2012an, eta 2015etik 2019ra bost urtez jarraian–. Hain zuzen ere, Eizmendi bigarren sailkatu zen guztietan aurretik izan zuen Aimar Irigoien. Gorostidi Harriaren hamalau edizioetatik –jokatzen hasi eta bertan behera utzi zuten 2009koa barne– hamar irabazi ditu errezildarrak. Atzo, bigarren sailkatu zen Irigoien (1:51), baina ez zen garaipenetik oso aparte ibili: baliogabeko altxaldi baten ondorioz, 11 segundo galdu zituen.

Hirugarren tokia beste zarauztar batentzat izan zen, Mikel Lopetegi Urrarentzat (2:03); eta baita laugarrena ere, Paulo Azpiazurentzat (3:10). Zazpi harri-jasotzailek osatu zituzten lanak atzo Adunan, eta sei Urola Kostakoak ziren; Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra bosgarren sailkatu zen (4:01), eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra zazpigarren (6:05).

(Argazkiak: Ibon Errazu)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!