Bi urte eta gero, irribarreak bistan

Aitziber Arzallus 2022ko api. 26a, 09:30

Aste Santuko oporraldia bukatuta, ikasle eta irakasleak atzo bueltatu ziren eguneroko martxara. Bi asteko oporrak besterik izan ez dituzten arren, itzulera berezia izan da, bi urteren ostean maskararik gabe eta aurpegiak bistan sartu baitira ikasgeletara. Pandemia aurreko ohituretara bueltatzea dagokie orain.   

Bi urte eta gero, atzo, maskararik gabe eta aurpegiak bistan bueltatu ziren ikasle eta irakasleak ikasgeletara. Egun "pozgarria" izan zela aitortu du Ainhoa Zumeta Zaragueta Herri Eskolako zuzendariak, eta elkarri berriz irribarrea ikusi ahal izatea "zoragarria" izaten ari dela Amaia Ugalde Orioko Herri Ikastolakoak. 

Azken bi urteak "luzeak, gogorrak eta tentsio handikoak" izan direla esan dute biek ala biek, COVID-19a zabaltzea saihesteko Hezkuntza Sailak betearazi dizkieten protokolo eta neurriak ez baitira izan ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina orain bai, badirudi erabateko normaltasuna itzultzear dela.

Leku itxietan maskarak kentzeko erabakia hartu ondotik, ikasgeletan kentzeko erabakiaren zain-zain zeudela adierazi du Ugaldek, baina bazutela beldur pixka bat ere, "Hezkuntzan beti joan direlako atzetik". Joan den astean, ordea, horrenbeste itxarondako erabakia jakinarazi zietenean, "sekulako poza" sentitu zuela esan du. "Gurasoei ostiralean eman genien erabakiaren berri, eta denentzat izan da pozgarria; momentuz behintzat ez zaigu kontrako iritzi bat bera ere iritsi. Azkenean, maskara traba handia izan da lanerako eta eskola barruko bizitza egiterako garaian, komunikazioa asko oztopatzen duelako".

Maskarek sortu dizkieten eragozpenei burbuiletan ibili beharrak sortu dizkietenak erantsi dizkie Zumetak. "Sarrera-irteerak, jolas garaiak... dena baldintzatu du burbuiletan ibili beharrak, baina hori guztia bukatu da. Berriz pandemia aurretik genituen ohituretara bueltatzea dagokigu orain". Dena ondo antolatzeko egun batzuk beharko dituztela esan du, baina baita gustura egingo dituzten aldaketak izango direla ere; "nik uste erraz bueltatuko garela lehengora".

Ikasgeletan maskararik ibili beharrik ez dagoen arren, ume batzuk badarabiltela aipatu du Ugaldek. "Nahi duenak erabil dezake, hemendik aurrera bakoitzaren esku geratzen da erabakia, eta guk aukera guztiak errespetatuko ditugu". Hala ere, gutxiengoa direla esan du. Hori bai, Zumetak oharatarazi du eskolara joan-etorria autobusez egiten duten 6 urtetik gorakoek autobusean maskara erabiltzen jarraitu beharko dutela; "hori da araua eta horrela egin beharko dute". Beraz, gehientsuenek maskarak etxean uzteko aukera duten arren, badira oraindik patrikan ekarri beharko dutenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!