HITZ TANTAK

Maria Eugenia Atxega: "Delegatu lanetan hasi, eta pixkanaka heldu nion tabernari. Eta gaur arte"

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 30a, 11:30

Maria Eugenia Atxega (Santio Erreka, Aia, 1962) futbol zalea zen Futbol Taldera gerturatu aurretik ere. Bulegoko atea lehen aldiz zapaldu zuenetik, berriz, klubeko arimaren zati garrantzitsua da.

Zuzendaritzako kidea izateaz gain, bera da tabernaren arduraduna, eta boluntario lanean orduak eta orduak aritzen da; asteburuetan barraren atzean, eta astegunean, bulego zuloan. 

Mendibeltzen partidak diren bakoitzean tabernako barraren atzean ikusten zaitugu. Ordu asko izango dira...

Batzuetan, bai. Egin kontu: pasa den asteburuan, larunbatean, 10:30ean infantil nesken partida izan zen, eta 10:00etarako joan nintzen txorizoak jartzera. 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan ere partidak egon ziren, eta bukatu arte ez nintzen joan etxera.

Iluntzean, alegia.

Iluntzean, bai. Eta igandean, eskola kirolekoak eduki genituen. 09:30ean hasi, eta 15:50era arte. 17:00etan, berriz, emakume seniorren partida: Orioko-Reala. Orduan ere, berdin.

Zenbait unetan jende asko pilatzen da barraren bestaldean. Bakarrik moldatzen al zara?

Egunaren arabera. Jende asko ibiliko dela aurreikusten dudanean, alaba etortzen zait laguntzera, eta hark ezin badu, klubeko besteren bat.

Lan guztia boluntarioa da. Klubarentzat diru sarrera handia?

Ez, lan asko ematen du, baina sarreren %10 lortzen da. 

Edariez eta zorroko patatez gain, zer eskaintzen duzu tabernan?

Txorizo egosia eta solomoa plantxan. Eskainiko nituzke solomoa gaztarekin eta hirugiharra ere, baina ez daukat sukaldean egiteko horrenbeste toki, eta ezin. 

Zuk ateratzen dituzun pintxoak ez al daude bokadiloetatik gertuago pintxotik baino?

Bi euro eta hamar zentimo eskatzen ditugu trukean, eta uste dut ordainetan zor dugula ondradu ateratzea, ezta? Ume txikiei ez diet hain handia ateratzen, gainera. Eta haurren bat bi eurokoarekin etortzen bada, orain igo ditugulako edariak eta pintxoak bi eurotik 2,10 eurora, ez dizkiot hamar zentimoak erreklamatuko. 

Malgutasuna dago, hortaz.

Akabo, ba!

Jendea ere ezagutuko da barraren atzean lanean.

Bai. Amistade asko egiten da horrela. Gainera, klubeko delegatu ere hamalau urtez aritu nintzen, eta futbol zelai asko eta jende asko ezagutu dut. Haiez gain, Oriokon ibili den jendea ere etortzen da. Orain urte batzuk, esaterako, Añorgatik lau mutil etorri ziren taldera jokatzera; estimu handia hartu nien. Herrikoak estimatzen ditut, baina kanpotik etorri direnak bereziki zaindu behar direla uste dut. 

Arraunagatik esaten dute, baina Orion futbolerako ere afizio handia dago. 

Zalantzarik gabe. Kanpotik etortzen direnek ere hori esaten dute. Zarautzen bertan, kanpoko ekipoko zale gehiago egoten da harmailetan herrikoa baino. Hemen asko etortzen da. 

Jendaurreko lanaz gain, atzekoa ere egiten duzu, zuzendaritzan urte mordoa baitaramatzazu.

Aurreko zuzendaritzan hamalau urte egin nituen, eta oraingoarekin, zortzi. Hogeita bi urte zuzendaritzan. Zortzi gaude; justu samar. Orain gutxi hil zaigu Iñaki Lizaso kidea, gainera. Ikaragarrizko pena hartu nuen; hutsune handia utzi du.

Denboran atzera eginda, zeu nola sartu zinen klubean? 

Kalean ginen batean, abuztuan, orduko Orioko presidenteak senarrari laguntza eskatu zion, baina senarrak ez zeukan denborarik arrantzalea zelako, eta orduan ni animatu ninduten bien artean. Guri futbola betidanik gustatu izan zaigunez eta partidak ikustera joaten ginenez, baietz esan nuen, eta halaxe. Delegatu lanetan hasi, eta pixkanaka heldu nion tabernari. Eta gaur arte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!