Ibilgailua Orion erroldatuta ez dutenek datorren astetik aurrera eskatu ahalko dute Aparkatzeko Udal Txartela

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 6a, 14:00

TAO sistema berria ekainaren 1etik aurrera egongo da indarrean, eta udalak astelehenean zabalduko du Aparkatzeko Udal Txartela eskatzeko epea ibilgailua Orion erroldatuta ez duten herritarrentzat. Udaletxeko beheko solairuan egin beharko da eskaera.

Ibilgailua Orion erroldatuta dutenek, beti bezala jasoko dute txartela etxean –datuak helbideratuta ez dituztenek udaletxera joan beharko dute txartelaren bila maiatzaren 18tik aurrera–eta bi urteko iraupena edukiko du; hau da, 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Epea amaitutakoan, automatikoki berrituko da.

Ibilgailua herritik kanpo erroldatuta dutenek, berriz, udaletxean jaso beharko dute txartela astelehenetik aurrera. 80 euro ordaindu beharko dira, eta abendura arteko balioa edukiko du.

Aukera hori izango dute autoa alokairuan duten herritarrek, enpresako ibilgailua dutenek, Orion lan egiten duten langileek, Orion bigarren etxebizitza dutenek eta Aian erroldatutakoek.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

  • Autoa alokairuan dutenek: leasing edo renting-aren kontratu originala eta ibilgailuaren aseguru-poliza aurkeztu beharko dituzte, baita agiri horien fotokopiak ere.
  • Enpresako ibilgailua erabiltzen duten bertako bizilagunek: enpresaren ziurtagiria aurkeztea, autoaren matrikula jasotzen duena eta ibilgailu horren gidaria Orion erroldatutako eskatzailea dela egiaztatzen duena; eta ibilgailuaren zirkulazio-baimena eta ordainketa egin izana akreditatzen duen agiria.
  • Orion lan egiten duten langileek: lan kontratuaren kopia konpultsatua aurkeztea eta ibilgailuaren zirkulazio-baimena eta ordainketa egin izana akreditatzen duen agiria aurkeztea.
  • Orion bigarren etxebizitza dutenek: eskrituren kopia konpultsatua edo etxebizitzaren jabetza egiaztatzen duen erregistroko ziurtagiria aurkeztea eta ibilgailuaren zirkulazio-baimena eta ordainketa egin izana akreditatzen duen agiria aurkeztea.
  • Aian erroldatutakoek: Aiako errolda-agiria aurkeztea eta ibilgailuaren zirkulazio-baimena eta ordainketa egin izana akreditatzen duen agiria aurkeztea.

Udal ordenantza berria

Martxoko udalbatzarrean onartu zen behin betikoz aparkalekuen ordenantza berria, eta ekainaren 1etik aurrera indarrean egongo da. Hainbat aldaketa eragingo ditu herriko aparkalekuen sisteman. Hemen kontsulta daiteke ordenantza osoa, baita PDFa deskargatu ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!