Igandean bost marka saiakera egingo dituzte Aiako probalekuan

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 13a, 09:53

Joseba Ostolaza Harri Eskolako harri-jasotzaileak izango dira bostak: Udane Ostolaza, Aroa Sanchez, Naiara Zumeta, Imanol Royo Lartain eta Jokin Eizmendi.

Igande eguerdian, 12:00etan hasita, bost harri jasotzailek marka saiakera bana egingo dute Aiako probalekuan. Naiara Zumetak 100 kiloko errektangularra jasotzea izango du helburu; Aroa Sanchezek eta Udane Ostolazak hiru zifrako harriari heldu eta 106 kilo jasotzeko ahalegina egingo dute; Imanol Royo Lartain-ek 185 kilokoa altxatzeko erronka jarri dio bere buruari; eta Jokin Eizmendi Aritza harriak jasotzen saiatuko da hamar minutuko txanda bakarrean. 

Sanchez oriotarra da, 20 urte ditu, eta orain dela urte eta erdi inguru hasi zen harri jasotzen, eta 100 kilotik gorako harri bat jasotzea amets bat betetzea litzatekeela dio. 

Ostolaza ere oriotarra da, 16 urte ditu, eta duela hamar urte hasi zen harri jasotzen. Igandeko errekorra bere lehendabiziko marka ofiziala izango da, nahiz eta hainbat marka egin dituen orain arte. Horrez gain, Sanchezen bidetik, hiru zifrara iristea du buruan. «Txikitako helburua dut hori ,eta orain ikusten dut betetzeko modukoa dela».

Zumeta errenteriarrak 28 urte ditu, eta hiru daramatza harri jasotzen. Bere buruari bultzada emateko egin nahi luke marka.  

Lartain zarauztarra da, 17 urte ditu, eta zazpi hilabete daramatza harri jasotzen. «17 urterekin eta kirol honetan horren denbora gutxi emanda, 185 kilo altxatzea marka polita dela uste dut», adierazi du.

Jokin Eizmendi 36 urteko zarauztarrak, berriz, Aritzaren 11 harriak eta 175 kiloko beruna hamar minutuan jasotzeko erronka bota dio bere buruari. Orain artean, Perurenak, Goenatxok, Ostolazak eta Eizmendik berak bakarrik jaso dituzte harri horiek guztiak, baina sekula ez erlojuaren kontra. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!