Ikus-entzunezkoetan euskararen gutxieneko presentzia arautzea eskatu dute Tokikomek eta euskalgintzako hainbat eragilek

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 18a, 12:15

Ikus-entzunezkoen lege berria eztabaidatzen hasiko dira bihar Espainiako Kongresuan. Horren atarian, lege horrek bere egin behar dituen ardatzen inguruan jardun zuten euskalgintzako zenbait eragilek, Tokikom tartean, Donostian atzo egindako agerraldi batean. Lege berriak euskararen etorkizunean izango duen garrantzia azpimarratu zuten guztiek ere. 

Bihar aztertzen hasi eta, aurreikuspenak betetzen badira, maiatzaren 26an onartuko duten ikus-entzunezkoen lege berriak euskararen etorkizunean eta berrekurapen prozesuan eragin handia izango duela ondorioztatu zuten atzo Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeramaileak, eta Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak Donostian egindako agerraldian. Horren jakitun, "gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko" eskatu zuten. Ekitaldian izan ziren, baita ere, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Iban Arantzabal Tokikomeko presidentea eta Igor Astibia Hekimenen koordinatzailea.

Azken asteetan ikus-entzunekoen arloan euskararen presentzia bultzatzera bideratutako ekimen eta lanketa ugari egin izan direla azaldu zuten agerraldian. Aginagalderen esanetan, "eskubideen bermeaz ari gara, baina horretaz gain, beharra dago eta herritarrak eskatzen ari dira. Pantailak Euskaraz manifestuaren inguruan izandako adostasun zabalean eskaera batzuk jaso ziren ikus-entzunezko legeari dagokionez".

Atzera begirako bat ere egin zuten, eta gogoratu zuten ikus-entzunezkoen aurreproiektua aurkeztu zutenean berezko hizkuntzen presentzia, euskararena barne, "oso marjinala" zela, eta eragileek ekarpen bateratuak egin zituztela euskararen presentzia bermatzeko kuotak eskatuz. Ekarpen horiek, baina, ez zituzten kontuan hartu. "Ez gureak, ez gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileenak ere", esan zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. 

Espainiako Gobernuak lege proiektua Kongresura eraman zuenean ekarpen horiek zuzenketa bihurtu, eta euskal alderdiei bidali zizkietela azaldu zuten. Aldi berean, Herrialde Katalanetan ere antzera egin zuten legean hizkuntza gutxituen presentzia areagotzea exijitzeko. Bilbaoren hitzeetan, "alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik, noski. Egokitzat jo dugu, esaterako hamabi urte bitartekoentzat eduki batzuk bermatu behar izatea. Halere, kontuan hartuta lege honek hurrengo urteetako eskaintza arras baldintzatuko duela, beharrezkoa da modu osoagoan egitea eskaera".

Donostiako agerraldian parte hartu zuten erabileek legeak jaso beharko luketen ardatzak zehaztu zituzten:

  • Aldez aurreko finantzazioari dagokionez, hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, % 8 esleitzea. Bestalde, katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei % 40 esleituko zaie, baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak gutxienez % 12 izango duela.
  • Diru publikoz egindako lanetan euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, horretarako erakunde publikoek behar den erraztasunak ematea. 
  • Telebista publikoetan ere gutxieneko kuotak ezartzea: informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea, Clan TVko edukiak bikoiztea…
  • Plataformetako menuak euskaraz ere jartzea.
  • Kokapen geolokalizazio bitartez euskarazko edukiak nabarmentzea.
  • Autonomia-erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.  

Dokumentuan jasotako eskaerak onartzeko urratsak egitea eskatu zieten eragileek alderdi politikoei, eta ikus-entzunezkoen euskararen etorkizunerako duten garrantziaz ere ohartarazi nahi izan zituzten: "Geroz eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailen aurrean, baina horietan ez dago euskarazko eskaintza handirik. Horrek eragina du euskarazko erreferenteak ez izatearekin, eta egoera hori emendatzeko aukera garrantzitsua izan daiteke lege honetan plataformetan euskarari lekua egingo zaiola bermatzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!