"Pandemia aurreko egoerara" itzuliko da Open Lab Urola Kosta

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 26a, 18:00
Teknologia digitalak lantzeko, makinak, erremintak nahiz prototipoak egiteko elkarlanerako espazioa da Open Lab. (UKUE)

Prebentzio eta segurtasun neurriak "uneko egoerara" egokitu dituztela azaldu du udal elkarteak, eta nahitaezkoa izango da espazioaren barruan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea.

Pandemiaren ondorioz ezarritako alarma egoeran itxi egin zuten Urola Kostako Udal Elkartean dagoen Open Lab espazioa, eta gerora zabaldu badute ere, edukiera muga zorrotzekin egon da martxan orain arte. Orain, Urola Kostako Udal Elkarteak ohar bidez jakinarazi du "pandemia aurreko egoerara" itzuliko dela elkarlanerako eta esperimentaziorako zerbitzu gunea. Dena den, prebentzio eta segurtasun neurriak "uneko egoerara" egokitu dituztela gaineratu du erakundeak eta, hori dela eta, nahitaezkoa izango da Open Lab espazioaren barruan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea. "Distantzia hori mantentzerik ez dagoen kasuetan, musukoa jarri beharko da", gaineratu du udal elkarteak. UKUEren egoitzan dago kokatuta Open Lab gunea, Zarautzen, Urdaneta bideko 6. zenbakian.

Asteartetik ostiralera zabalik egongo da espazioa 09:30etik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:30era. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Aldez aurretik ez da hitzordurik hartu beharko bertaratzeko, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Udal elkarteak ez du zehaztu oharrean zein den edukiera berria. 

2018an inauguratu zuten, eta teknologia digitalak lantzeko, makinak, erremintak nahiz prototipoak sortzeko elkarlanerako espazioa da Open Lab Urola Kosta. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!