"Futbol taldeak lagun pila bat eman dizkit 22 urtetan zehar"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 15a, 08:38

Futbol taldearen bilakaera gertutik bizi izan du Iker Urdangarinek (Santio Erreka auzoa, Aia, 1988), eta bi hamarkadaz bertako jokalaria izan ondoren, futbola uztea erabaki du.

IKER URDANGARIN - Futbol jokalaria

Ia bizitza osoa daramazu futbolean jokatzen eta taldea uztea erabaki duzu. Zer dela eta?
22 urtez jokatu dut futbol taldean, eta hainbat faktorek eragin dute nire erabakian: adinak eta denbora tarte honetan izan ditudan lesioek, esaterako. Gainera, taldeko gainontzeko kideekin gero eta adin tarte handiagoa nuen. Baina aitortu behar dut oso giro ona izan dugula taldean. Haiek adin bertsuko lagun talde handi bat dira, eta utzi didate beren artean integratzen. Oso ondo sentitu naiz haiekin jokatzen, baina adinean aurrera noa, eta beste zerbait probatzeko gogoa dut orain.

Taldeko kideek zer esan zizuten uzteko erabakia jakinarazi zenienean?
Denboraldi hasieratik nahiko argi nuen sasoi amaieran utzi egingo nuela taldea. Askok esaten zidaten jarraitu egingo nuela, baina banekien ezetz. Eskerrak eman dizkidate, eta uste dut gustura egon direla nirekin.

Azken urteetan gazte talde horren gidari lana egin al duzu?
Uste dut une batzuetan entrenatzaileak eskertu didala hor egotea. Oso talde gaztea da. 20-21 urteko talde handi bat dago, eta badaude 25 urte ingurukoak ere. Zenbaitetan oihu bat edo beste bota behar izan dut oinak lurrean jar zitzaten.

Zer moduzkoa izan zen agurra?
Niretzat berezia eta polita izan zen azken partida, eta gainera, 5 eta 0 emaitzarekin irabazi genuen. Balearen Egunean tokatu zen, eta normalean baino ikusle gutxiago bildu zen zelaian. Dena dela, giro ederra zegoen, eta entrenatzaileak aldaketa eskatu zuen ikusleen txalo zaparrada artean joan nedin. Hunkituta atera nintzen zelaitik.

Emaitzek lagundu al dizuete azken denboraldi honetan?
Bai, oso maila ona eman dugu, eta mailaz igotzeko borrokan aritu gara. Azken liga desberdina izan da, izurritea dela-eta hainbat talde igo egin zirelako, baina ez zelako bat bera ere jaitsi. Preferente mailan talde asko ginenez, bi fasetan jokatu dugu liga. Hala, lehenengo faseko lehen lau taldeak igoera jokatzeko txartela eskura zezaketen, eta guk lortu genuen bigarren postuan sailkatzea. Igoera fasea jokatu genuen, baina hirugarren geratu ginenez, ez genuen lortu Erregional Ohorezko mailako play-offa jokatzeko sailkatzea. Mailaz igotzea lortu ez bagenuen ere, itxaropenez hartu behar da emaitza, talde gaztea delako. Kontuan hartu behar da esperientziak ere zeresan handia izaten duela partida garrantzitsuetan, eta batzuetan eskarmentua falta zitzaigula antzeman zen. Dena dela, taldeak denboraldi bikaina egin du, eta niretzat hori da garrantzitsuena. 

22 urte hauetan taldekide asko izango zenituen. Bidean futbola uzten joan dira pixkanaka eta zuk aurrera jarraitu duzu. Zer eman dizu futbolak hainbeste urtez jarraitzeko?
Ni eskola kirolean hasi nintzen herriko haur gehienak bezala. Hainbat kirol probatu nituen, eta konturatu nintzen gehiena gustatzen zitzaidana futbola zela. Hala, 11 urterekin hasi nintzen Orioko futbol taldean eta lagun pila bat eman dizkit 22 urtetan zehar. Nire betiko kuadrilla edukitzeaz gain, futboleko lagunekin geratzen naiz edozein unetan zerbait hartzeko edo planak egiteko. 

Gainera, familian harreman estua izan duzue futbol taldearekin, ezta?
Bai, haurra nintzenetik joan izan naiz familiarekin futbola ikustera hondartzako zelaira. Larunbat arratsaldeko plana hori izaten zen. Zelai horren oroitzapen ederrak ditut ikusle zein jokalari bezala, jubenila nintzen arte bertan jokatu nuen.

Hondartzako zelaiak xarma berezia zuela esan ohi dute futbolzale askok.
Hango giroa ederra izaten zen. Ikusleek zutik zelai bazterretik jarraitzen zuten partida eta zaleen berotasuna antzematen zen. Mendibeltz zelaira pasatu ginenean, giroa hoztu egin zela esango nuke, nahiz eta orain aldatzen ari den. Nik orduan kadete mailan jokatzen nuen, eta gogoan dut jende asko etortzen zela gure partidak ikustera

Belar naturala zuen zelai bakarrenetakoa zenuten.
Bai, eta horrek abantaila txiki bat ematen zigun guri. Izan ere, gure kategoriatan oso zelai gutxik zuten belar naturala. Guk han entrenatzen eta jokatzen genuen, eta ohituta geunden, baina aurkarientzat erronka izaten zen hondartzako zelaian jokatzea.

Futbol taldearen historiaren garai desberdinak bizi izan dituzula esan daiteke, beraz?
Bai, orain futbol eskolan oso txikitatik hasten dira futbolean haurrak, eta baliteke etorkizunean jokalari gehiagok betetzea 22 urte futbolean jokatzen, baina gure garaian kadete mailan hasten ginen. Ni, esaterako, 11-12 urterekin hasi nintzen, infantila nintzen berez, baina nire mailako talderik ez zegoenez, kadeteekin jokatzen nuen. Horregatik uste dut ez dela erraza 12 urterekin hasita, 22 urte betetzea futbolean.

22 urte hauetan bilakaera nabarmena izan du taldeak.
Bai, ni futbolean hasi nintzenean gizonezkoen hiru talde bakarrik genituen: kadeteak, jubenilak eta seniorrak. Urtez urte kluba indarra hartzen joan da, eta talde gehiago sortu dira, baita futbol eskola ere. Lehen 60 lagun ginen, eta orain, ehunka. Gainera, haur eta gazteen artean zaletasun handia dagoela antzematen dut, eta hori bultzada handia da Orioko futbol taldearentzat. Dena dela, ez da futbolean bakarrik gertatu, herrian indar handia hartu dute kirol talde guztiek.    

Aurrerantzean jarraituko al duzu futbol klubaren bueltan?
Oraingoz ez dut horretan gehiegi pentsatu. Kirola egiten jarraitu nahi dut, eta orain korrika hasi naiz, baina helburu jakin bat markatu gabe. Dena dela, agian etorkizunean itzuliko naiz klubera, entrenatzaile gisa edo. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!