Gustuko hamaika bidaia

Zein da sekula egin duzun bidaiarik onena edo zugan arrastorik handiena utzi duena? Eta nora joango zinateke gustura? Bi galdera horiek egin dizkiegu eskualdeko 11 herritarri, herri bakoitzeko banari, eta hona hemen eman dituzten erantzunak:

Nerea Amilibia. Korrikalaria (Aia)

"Bidaiatzea gustuko dut, baina ez dut asko-asko ere bidaiatu. Lasterketak tarteko mugitu izan naiz gehien, batez ere euskal selekzioarekin lehiatzen nuen garaian. Joan ginen Italiara, Frantziara, Suitzara, baita Malaysiara ere.

Hain zuzen ere, Malaysiara egindako hura da sekula egin dudan bidaiarik handiena eta onena. 2010ean izan zen, eta lasterketa bat egiteko aitzakiarekin, astebeteko oporrak ordaindu zizkiguten. Ikaragarri gozatu nuen. Euskal Herritik asko atera gabea nintzen, eta hango oihanak eta hango paisaiak liluratuta utzi ninduten, 4.000 metroko mendi haiek-eta ikusgarriak iruditu zitzaizkidan.

Nora joango nintzatekeen, berriz, ez daukat oso argi, baina mendi aldera joango nintzateke. Alabak esan didanez, Perun, Patagonia aldean, mendi ikusgarriak daude, eta agian ez litzateke aukera txarra. Bikotekidearekin joango nintzateke; bera ez da korrika ibiltzen, baina ibilaldi batzuk egingo genituzke".

Unai Egaña. Idi probalaria (Aizarnazabal)

"Iberiar penintsulan dezente ibiltzen gara karabanarekin, eta Balearrak ere gustuko ditut, baina bidaia handiak, ez. Bakarra egin dut, 2010ean, ezkondu ginenean: Zeelanda Berrira eta Polinesia Frantsesera joan ginen hiru bat asterako. Argentinara joan nahi genuen, gure aitonak-eta handik etorritakoak direlako, baina han bertan hegaldi asko hartu beharko genituela eta, Zeelanda Berrira joatea erabaki genuen.

Zeelanda Berria bi uhartek osatzen dute, eta Aucklandetik abiatu, eta goitik behera, biak zeharkatu genituen autoz. Bi uharteak oso desberdinak dira: goikoan, lautada asko dago, eta behekoan, basoa eta mendi altuak; Euskal Herriaren oso antzekoa da. Handik Moorea irlara joan ginen, eta han pasatu genituen bost edo sei egun etzanda; hondartzaz gain, ezer gutxi ikusi genuen.

Beste bidaia handi bat egitekotan, Argentinara joango nintzateke, Panpako ganadutegiak-eta ikustera. Ez nintzateke joango hiri handi batera".

Udane Juaristi. Artista (Azkoitia)

"New York, Kuba, Thailandia, Venezuela, Alemania, Frantzia, Italia, Portugal, Erresuma Batua, Txekia... Bidaia zoragarriak egin ditut, baina Marokora egindako bat nabarmenduko nuke. Bikotekidearekin joan nintzen, 2018ko udan, eta leku ugari eta hango bizimodua ezagutzeko aukera izan genuen.

Janaria eta tea ikaragarri gustatu zitzaizkidan –ez dut halako terik egiterik lortu–, eta Essaouirak liluratuta utzi ninduen. Arrantzale herri txiki bat da, eta hango koloreak, giroa, jendea, itsasontziak eta txalupak, usaina... koadroetarako inspirazio bikaina izan ziren. Chefchauen ere zoragarria iruditu zitzaidan; kaleetako kolore urdin turkesak ikaragarri erakarri ninduen. Gainera, 2021ean itzultzeko aukera izan nuen, lanera: Essaouiran ateratako argazki batean oinarritutako mural bat margotu nuen Rabaten. Ederra izan zen.

Joango nintzatekeen leku bat, berriz, Mexiko da; aspalditik dut gogoa, eta udan joango naiz, lagunekin. Ziur argazki mordo batekin itzuliko naizela".

Eider Alkorta. EHUko irakaslea (Azpeitia)

"Bidaiari ospea dut, baina ez dakit horrenbesterako den. Kontinenteka, honako hauek dira bisitatu ditudan leku batzuk: Afrikan, Maroko, Tunez, Egipto, Namibia, Botswana, Kenya, Tanzania eta Zimbabwe; Amerikan, New York, Kuba eta Peru; Europan, leku asko, baina Bosnia eta Montenegro nabarmenduko nituzke; eta Asian, Zetaren Bidea egin nuen Uzbekistan, Kirgizistan eta Txinan barrena, eta egonda nago Vietnamen, Thailandian eta Japonian ere.

Bihotza erdibituta daukat Zetaren Bidearen eta Namibiaren artean. Namibian 2009an izan nintzen, eta Afrika beltzera egin nuen lehen bidaia izan zen; ez dakit ederrena izan al den, baina bai gehien eragin zidana. Zetaren Bidea, berriz, 2019an egin nuen, eta ikusgarria izan zen; hiriak, kultura, mendia... Oso bidaia orekatua. Ezagutzen ez ditudan leku guztietara joango nintzateke, baina bat aipatzekotan, AEBak gurutzatuko nituzke kostatik kostara".

Igone Arruti. Hezitzailea (Beizama)

"Gustuko dut bidaiatzea, baina ez naiz zale itsu horietakoa. Argentinara 2004an egindakoa izan da gauzatu dudan bidaiarik luzeena eta ikusgarriena. Orduko bikotekidea eta biok joan ginen, motxila bana hartuta, eta hilabete eskasean herrialdea goitik behera zeharkatu genuen. Uruguaira pasatu ginen gero, garai batean hemendik joandako familiarteko batzuk bisitatzera. Bidaia hartan kristoren energia sentitu nuen, naturaren indarra, iruditzen zitzaidan dena zela oso handia; eta gogoan dut zirrararik handiena Iguazuko ur jauziak eragin zidala.

Horretaz aparte, Pragan (Txekia) izana naiz, bidaia erromantikoan, eta Suedian ere bai. Bidaia hartan lagun baten etxean pasatu genuen uda, eta, besteak beste, Gotland uhartean izan ginen.

Zaila egiten zait bidaiatuko nukeen leku bat aukeratzea. Zeelanda Berrira joatea da nire ametsetako bat, eta gertuxeago, Eskoziara eta Irlandara joango nintzateke. Noiz joan ahalko dudan ez dakit, baina badaezpada ari naiz ingelesa praktikatzen".

Aimar Irigoien. Harri jasotzailea (Errezil)

"Egia esan, oporrak ditudanean, gustura ibiltzen naiz etxe aldetik, eta ez daukat bidaiatzeko ohitura handirik. Dena den, tokatu izan zait bidaiaren batzuk egitea, batez ere harri jasotzea tarteko. Adibidez, Amerikan izana naiz, Boisen izaten den jaialdian; eta Suitzan ere bai. Bidaiarik handienak harri jasotzearen aitzakian egin ditut, eta horiez gain, ezkon bidaian Mexikon izan ginen.

Bidaia onena aukeratu beharko banu, Suitzara egindakoa aipatuko nuke. Ezingo nuke esan nondik nora ibili ginen, baina bai sekulako paisaiak ikusi genituela: oso berdeak, oso menditsuak eta oso politak. Orain dela hamabost bat urte izan zen; segalari talde batekin joan nintzen, harri jasotzaile lanetara, erakustaldiak egitera.

Gustura joango nintzatekeen leku bat, berriz, Zeelanda Berria da. Argazkietan-eta ikusi dudanez, hura ere oso berdea eta menditsua da, eta hara joatea bada buruan daukadan zerbait. Familiarekin joango nintzateke".

Irati Idiakez. Snowboarderra (Getaria)

"Europako herrialde askotan izanda nago, batzuetan snowagatik eta besteetan plazeragatik joan naizelako, eta Amerikan egonda nago, Txilen, Bolivian eta Perun.

Nigan arrastorik handiena utzi duen bidaia Txilera egindakoa izan zen. Erasmusen antzeko programa batekin joan nintzen hara, eta egonaldiaren bukaera aldera, istripu bat izan eta besoa galdu nuen. Horren ondorioz, goitik behera aldatu zen nire bizimodua, eta ez besoa galdu nuelako soilik; istripuaren ostean hasi nintzen snowan. Gizarte lanak ikasten ari zen gazte bat izatetik, kirolari izatera pasatu nintzen. Beste bidaia garrantzitsu bat aurtengo urtarrilean Munduko Txapelketa jokatzera Norvegiara egindakoa izan zen. Ama eta anaia nirekin izan nituen, gainera.

Denbora nahikoa izango banu, gustatuko litzaidake boluntario gisa, pare bat hilabetez, Kenyara joatea. Ez dakit noiz ahalko dudan, baina badakit noizbait egingo dudala".

Nadeth Agirre. Arraunlaria (Orio)

"Lana dela eta arrauna dela, nahiko lotuta bizi naiz, eta ez dut bidaiatzeko aukera handirik izan, baina egona naiz Madrilen, Bartzelonan, Estokolmon, Parisen, Londresen, Ibizan...

Zaila egiten zait bidaia bat aukeratzea. Londresera bikotekidearekin joan nintzen, eta asko gustatu zitzaidan; Parisen lagunekin izan nintzen, eta oso ondo pasatu genuen... Baina bakarra aukeratzekotan, Ibiza esango nuke. Oso eguzkizalea naiz, berozalea, eta gainera, oso leku polita iruditzen zait. Ahizpa han bizi da, eta hura bisitatzeko aitzakian behin baino gehiagotan izan naiz; hori bai, beti bisitari moduan, ez parrandara joanda.

Gustura joango nintzateke Islandiara; hango mendiek, ur jauziek eta icebergek asko erakartzen naute. Eta bestela, Gabonen bueltan, Laponiara, aurora borealak eta elurte handi horiek ikustera. Horrez gain, AEBetara joatea ere nahi nuke: San Frantziskora, Los Angelesera New Yorkera... Eta Caribera, eguzkitan etzan eta egotera".

Aitor Frantzesena. Surflaria (Zarautz)

"Asko bidaiatu dut, gustuko dudalako eta surfagatik. Egonda nago Hegoafrikan, Australian, Thaitin, Reunion uhartean eta Erdialdeko eta Hego Amerikako hainbat lekutan: Costa Rica, Nikaragua, Panama, Venezuela...

Bidaiarik politenetakoa Reunion uhartera egindakoa izan zen. Lekuaz maiteminduta gelditu nintzen: landaredia, uhartearen forma, itsasoaren kolorea... Bertako jendea oso ederra da, gainera; albinoen, beltzen eta nipondarren arteko nahasketa dira, eta badago jendea azal beltza, ile horia eta begi berde eta atxinatuak dituena. Eta olatu oso onak izaten dira; hain zuzen ere, Europako Txapelketa jokatzera joan nintzen hara, Reunion Frantziako departamendu bat delako.

Azkenaldian, alabari eta bikotekideari aurrez egondakoa naizen lekuak erakusten ari naiz; esaterako, orain gutxi Hawain izan naiz bikotekidearekin. Urtero saiatzen naiz leku berriren batera joaten: datorren urtea Vietnamen hasi nahi dugu, eta handik Kanbodiara-eta joan".

Amancay Gaztañaga. Artista (Zestoa)

"Bidaitzea ikaragarri gustatzen zait, eta leku askotan izan naiz, batez ere Atlantikoaren beste aldean: Mexiko, Peru, Ekuador... Afrikan eta Asian ere izandakoa naiz, eta Europan barrena ere ibili naiz.

Liluratuta utzi ninduen eta berriz itzuliko nintzatekeen lekua Myanmar da. 2009an hamar egun egin nituen han, bikotekidearekin. Egia da hango egoera sozio-politikoa gogorra dela, lehen ere bai, eta orain gehiago, baina flipatu egin nuen: hango espiritualtasuna, paisaia bera... Herrialde magikoa iruditu zitzaidan.

Gustura joango nintzatekeen lekuak, berriz, asko dira. Adibidez, badakit Myanmarrera noizbat itzuliko naizela; Ekuadorrerako bidaia ere zintzilik daukat, izebak bisitatzera joan beharra daukadalako; Afrikara ere itzuli nahi dut, Kenya eta beste leku batzuk ezagutzeko; eta sekula izan ez naizen leku bat eta joateako gogo handia daukadana Japonia da. Eta Bali eta Zeelanda Berria ere bai, baina diru asko behar da horretarako".

Jon Kareaga. Ingurumen aktibista (Zumaia)

"Bidaiatzea pribilegio bat da, eta zorteduna naiz, gurasoekin asko ibili nazielako, baina ingurumen aktibista naizenetik injustizia sozialak eta klimatikoak komunikatzeko bakarrik bidaiatzen dut.

Gogoan dut Marokok asko harritu ninduela, Mendebaldetik atera eta beste kultura eta antolaketa bat ezagutu nituen lehen aldia izan zelako. Gerora, asko ibili naiz Asian, unibertsitatearekin, gurasoekin zein bakarrik.

Nigan arrastorik handiena utzi duen bidaia Bangladeshera egindakoa izan da. Bakarrik joan nintzen, moda industriak han duen eragina salatzeko dokumental bat grabatzera. Ikusi nituen umeak lanean, laranja koloreko ibaiak... Lau egun izan ziren, esperientzia gordina eta aberasgarria, eta nire bizitzan inflexio puntu bat.

Ezagutuko nituzkeen herrialde asko zerrendatik kendu ditut, haietara joateak zentzurik ez duelako, baina joango nintzateke Ghanara, Himalaiara, Zimbabwera, Bangladeshera eta Indonesiara".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!