Orioko Udalak elkartasuna erakutsi die asteartean zendutako langilearen senitartekoei eta lagunei, eta elkarretaratzearekin bat egin du

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 7a, 09:03

Ohar bidez, udalak elkartasuna adierazi die astearte arratsaldean Orion lan istripuz hildako garraiolari aiarraren senitartekoei, lagunei eta lankideei, eta haren lankideek eta sindikatuek gaur 12:00etarako deitu duten elkarretaratzearekin bat egin du eta herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera.

Asteartean, 18:30 aldera, kamioi batek istripua izan zuen Orion AP-8 bidesariaren inguruan, eta su hartu zuen. Garraiolaria bertan hil zen. Aiarra zen. Lan istripua salatzeko elkarretaratzea egitea erabaki zuten ELA eta LAB sindikatuek eta langilearen lankideek, eta gaurko jarri zuten hitzordua. 12:00etan Ederra enpresak Aian duen lantegi aurrean bilduko dira, Laurgainen.

Orioko Udalak gaur goizean argitaratu du oharra, elkartasuna adieraziz zendutako garraiolariaren familiari, lagunei eta lankideei, eta bat egin du eguerdiko protestarekin. Herritarrak ere deitu ditu bertan parte hartzera.

Bestalde, atzo Ertzaintzak jakinarazi zuen ezbeharraren arrazoiak argitzen lagundu dezaketen lekuko bila dabilela. Informazioa eskaini dezaketen pertsonei Trafikoko Unitateko ikerketaren arloko agenteekin harremanetan jartzeko eskatu zien, 943-53 91 19 telefono zenbakira deituta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!