Kamioi gidariaren lan-heriotza salatu dute

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 7a, 13:32

Grupo Azkune enpresarentzat lanean zebilen garraiolariaren heriotza gaitzetsi dute bertako langileek Aiako Hormigoi Plantan. "Eraikuntza sektoreko lanaren berezko baldintza gogorrak eta langileek pairatzen dituzten prekarietate egoera larriak" salatu ditu ELA sindikatuak.

Asteartean Orion AP-8 bidesariaren aldamenean zendu zen kamioi gidari aiarraren lankideek protesta egin dute Aiako Hormigoi Plantaren atarian. Grupo Azkune hormigoi hornikuntza enpresarentzat betetzen ari zen lanaren ondorioz zendu zen 51 urteko behargina. Aiako hormigoi plantan kamioia kargatu zuen, eta Orioko bidesaria Donostiako noranzkoan igaro bezain laster, ibilgailua irauli zitzaion. Kamioia erretzen hasi zen istripuaren ondorioz, langilea barruan harrapatuta geratu zelarik. Zoritxarrez, behargina ez zen onik atera.

Azken lan-heriotzarekin, gutxienez 43 lirateke 2022ean Euskal Herrian lanean zendutakoak; Oriokoa, Gipuzkoako hamairugarrena. ELA eta LAB sindikatuek "hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena" adierazi diete. Bestalde, "eraikuntza sektorean lanaren berezko baldintza gogorrak eta langileek pairatzen dituzten prekarietate egoera larriak" gogora ekarri dituzte. 

Orioko Udalak elkartasuna adierazi die lan-heriotzaren biktimaren ingurukoei, eta deialdiarekin bat egin du. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak, salaketaz eta elkartasun-keinuaz gain, "krisi garaian langileriari ezartzen zaizkion geroz eta baldintza latzagoak"  nabarmendu ditu.

"Lan-erritmo jasanezinak"

Grupo Azkune enpresaren kasuan, zehazki, "lanaldi amaigabeei lanaren erritmo jasanezinak gehitu beharko genizkioke", salatu du ELAk. Hori gutxi balitz, enpresak "Prebentzio Legearen etengabeko urraketak" egin dituela dio sindikatuak. Egoeraren larritasuna ikusita, "prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala" exigitu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari eta patronalari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!