Big Datari buruzko prestakuntza eskainiko du UKUEk

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 19a, 15:55

148 orduko online ikastaroa izango da urriaren 10etik abenduaren 2ra arte, Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik. Lanbide Heziketako goi mailako zikloko titulua eta Excel tresnaren inguruko ezagutza dutenei bideratuta dago.

Big Data eta Data-Science-ari buruzko adibide praktikoak eta aplikazioak ezagutzeko aukera emango du formakuntza-programak. "Eraldaketa digitalaren testuinguruan, gero eta garrantzitsuagoa da askotariko datuak kudeatzeko gai izatea", azaldu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Zentzu horretan, datuak prozesatzen, partekatzen zein babesten jakiteak "berebiziko garrantzia" duela azpimarratu du. Ikastaroaren bitartez, "datuak bistaratzeko eta tratatzeko prozesuari buruzko ikuspegi orokorra" eskainiko da, eta, bereziki, enpresek beren Big Data estrategia definitzerakoan kontuan hartu beharreko alderdietan sakonduko da. Horretarako, informazio trukaketa, prestakuntza eskolak eta tutoretza-saioak baliatuko dituzte.

Lanbide Heziketako goi mailako ziklo baten tituludunak diren eta Excel tresna menperatzen duten eskualdeko herritarrei zuzenduta dago prestakuntza-programa.

Programaren xehetasunak

148 orduko ikastaroa izango da, urriaren 10etik abenduaren 2ra arte. Saio guztiak online izango dira, 09:30etik 13:30era. Euskarrien eta metodologiari buruzko xehetasun guztien berri emateko, aurre-saioa egingo da urriaren 7an (ostirala), 09:30etik 11:30era.

Hauek dira programarekin lortu nahi diren helburuak:

  • Testuinguru profesionaletan datuak behar bezala aztertzeko eta informazioa bistaratzeko, beharrezko jarduerak identifikatu, aztertu, planifikatu eta antolatzeko gai izatea.
  • Datuak aztertzeko eta bistaratzeko teknika aurreratuak erabiltzea, datu-iturri heterogeneoetako informazioa biltzeko, hautatzeko eta iragazteko gai izatea, hala nola, datu irekien iturri, dokumentu tekniko, artikulu espezializatu, webgune edo enpresaren barne-dokumentazioan.

Ondorengoak dira saioetan landuko diren eduki- zehatzak:

  • Datu baseetara sarrera eta SQL lengoaia (16 ordu).
  • Datuak ateratzeko, atzemateko eta arazteko metodoak (16 ordu).
  • Estatistika eta Big Data (12 ordu).
  • Datuen analisia (16 ordu).
  • Bisualizazioa (36 ordu).
  • Datuak prozesatzeko ingeniaritza (16 ordu).
  • Adimen artifizialeko teknikak (36 ordu).
Informazio saioa eta izen-ematea

Irailaren 23an 10:00etan informazio saioa egingo da proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko. Online izango da, Gotomeeting plataformaren bidez. Bertan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegian. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Izen-ematea zabalik da jada, eta horretarako orria eta ezagutza-balorazio galdetegia eskura daude Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Aurrez aurre ere egin daiteke izen-ematea, Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta.

Argibideak edota informazio gehiago

Xehetasun gehiago eskurtzeko, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan bertan, 943890808 telefonora deituta ala lanpoltsa@urolakosta.eus eposta helbidera idatzita.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!