PAPEREKOA

Udan edertasun ereduari muzin

Oihane Agote 2022ko uzt. 24a, 10:03
Gorputz eredu guztiek dute tokia hondartzan. (Kanarietako Genero Institutua)

Oihane Agote psikologoak artikulua argitaratu zuen uztaileko KARKARA aldizkarian, udan gorputz irudiaren inguruan sortzen diren kezkei aurre egiteko estrategiak landuz.

Ekainaren 8an, Gorputz-irudia eta Autoestimua tailerra eskaini nuen Orion, Libe Garmendiaren nutrizio aholkularitza zentroan. Ni osasunaren psikologia arloan aditua naiz, eta Garmendiarekin elkarlanean espazio bat sortu genuen gorputz irudiaren inguruan sortzen diren kezken iturburua aztertzeko eta horiei aurre egiteko estrategiak lantzeko.

Lehenik eta behin, dietaren kulturak dakarren argaltasunaren inguruko sinesmen sistema izan genuen hizpide, eta ikusi genuen gizartean ohikoa dela argaltasuna osasunarekin lotzea eta gizentasuna, berriz, osasun ezarekin. Hori dela eta, argaltasuna balio gisa sustatzen da, batez ere emakumeen artean, eta osasuna, kirola eta elikadura zurruntasunez ulertzen dira. Tailerrean bildu zirenek beren esperientziak partekatu zituzten, eta hainbat gai atera ziren eztabaidara, tartean, lodifobia. Hitzorduan parte hartu zuten emakumeen artean argi ikusi zen gorputz perfektuaren ereduak sufrimendua eragiten duela emakumeen artean, batez ere uda sasoian, eta sufrimendu horrek askotan mugak jartzen dizkigula bizitzaz gozatzeko.

Sare sozialek ere min handia egiten dute ildo horretan. Konparaketak beti egin izan dira, baina gaur egun sare sozialek eskaintzen dizkiguten filtroekin, ez gara bakarrik konparatzen lagun edo bizilagunarekin, konparatzen gara mundu guztiarekin, baita gure bertsio eder itxuraldatu batekin ere. Ohitzen gara filtroak erabiltzera hobeto ikusten garelako, baina epe luzera gero eta gutxiago onartzen dugu geure burua. Horregatik, garrantzitsua da kontzientzia hartzea eta argazkietan filtrorik ez erabiltzea; baita zer jarraitzen dugun aztertzea ere; askotan, aurkezten digutena ez delako benetakoa izaten.

Gorputz irudiaren inguruan sortzen diren kezkei aurre egiteko hainbat estrategia landu genituen lantegian. Alde batetik, fat talk deiturikoa saihesteko beharra nabarmendu genuen. Fat talk deitzen zaie loditasunaren inguruko komentarioei, jarrerei edo kritikei, baita argaltasunaren eta edertasunaren bueltako aipamenei ere. Etengabe egiten ditugu, konturatu gabe, geure buruaz edo kalean ikusten ditugun gainontzekoez. Horregatik, garrantzitsua da horiek moztea eta itxura fisikoak garrantzia galtzea gure elkarrizketetan; baita gure ingurukoak itxura fisikoarekin loturarik ez duten beste ezaugarriengatik baloratzea ere.

Bestetik, gorputz neutraltasunaren mugimendua ere aipatu genuen. Indarra hartzen ari den mugimendua da eta aldarrikatzen du ez dugula gure gorputza edertasun irizpideekin neurtu behar, eredu zurrunak eta ezinezkoak ezarri dizkigutelako. Arreta jarri behar dugu, ordea, gure gorputzak eskaintzen dizkigun funtzioetan eta gaitasunetan, eskaintzen digulako bizimodu zoriontsua izateko aukera.

Azken batean, gure gorputzaren inguruko sinesmen eta jokabide gaiztoak saihestu behar ditugu, eta zaindu egin behar dugu, gure gorputza gure arerioa ez delako. Aurreiritziak alde batera utziko ditugu eta nahi duguna egingo dugu. Agian, nire gorputza ez da izango nahi bezalakoa, baina hondartzara joango naiz zentzumenek ematen didaten plazeraz, eguraldi ederraz eta itsasoaz gozatzera, nik eta nire gorputzak merezi dugulako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!