Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Joseba Brit Elola

Karkara 2022ko abu. 3a, 09:29

Udarekin batera, bueltan da herritarren doinu kutunen atala. Bigarren edizio honetan, Joseba Brit Elolari gogoko dituen bost kanturen inguruan galdetu diogu. Abesti on asko kanpoan utzi behar izan dituela aitortu badu ere, hona hemen Ameriketako Estatu Batuetako Portland hirian bizi den oriotarraren kantu kutunen zerrenda.

Sigur Ros - Njósnavélin

Islandiako talde honek egiten duen musika guztiz magikoa iruditzen zait, barruan dagoen egiarik onenari indarra ematen dion horietakoa. Abesti hau jasotzen duen albumaren izena () da eta nire diskorik maiteena da. Goxotasun berezi bat badu kantu honek… Oso gutxitan entzuten dut kantu hau, sortzen didan zirrara egiten jarrai dezan.

2. - Explosions In The Sky - The Only Moment We Were Alone

Austin, Texaseko talde instrumental honek eragin zuzena izan zuen Giranice-n hasieran eta sorkuntzan. Kantu honek sorrarazten dit zerbait gainditzearen emozioa; beldur bat, egia ez dela konturatu naizen sinismen bat, erronka bat. Izena ere, sekulakoa da; joko asko ematen dit nire inguruak zenbat laguntzen didan gogorarazteko, eta baita nire gisara lortu dezakedan edo izan ditzakedan esperientzietan sinisteko ere.

3. Benito Lertxundi – Itzaltzuko Bardoa

Entzun ahal ditudan album guztiak entzunda ere, Benitoren kantu hau beti iruditu zait sekulakoa. Oso ondo egina dago eta maisuki lortzen du bi gitarrak estereoan duten erritmoak ahotsarekin bat egitea. Bere ahotsa ere bikaina da abesti honetan, eta hasiera eta amaierako ahotsek misterio ederra ematen diote. Zenbat gustatzen zaidan kanta hau!

4. Ludovico EinaudiNumbers

Italiako pianista eta konposatzaile honen kantu bakar bat aukeratzea ez da erraza izan, baina lan hau entzuten ari nintzen batean, bizitzako erabaki garrantzitsuenetakoa bat hartu nuen, eta horregatik eskerrak eman beharrean nago. Kantu hau geldo hasten da, eseri eta pentsamenduekin eta sentsazioekin bat egitera gonbidatuz. Gero, berriz,  hazi egiten da, momentu berezi batean amaituz.

5. Wim MertensStruggle For Pleasure

Belgikako piano-jotzaile eta konposatzaile honek sekulako kreatibitatea du, eta kantu ezberdin asko egin dituen arren, abesti hau beti izango dut oso kuttuna. Izena bera ere ederra du, eta kantuaren atzean dagoen ideiaz pistaren bat ere ematen digu. Bi gauza ditut oso gustuko kasu honetan: errepikatzen diren patroiak (blokeak), eta galdera-erantzunak. Erritmo honek dantzan jarri nau behin baino gehiagotan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!