Ekintzailetza bultzatu eta indartzeko programaren eskaera epea, zabalik

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 18a, 09:00

Enpresa ideia landu edota sortu nahi duten ekintzaileei zuzenduriko laguntza programa zabaldu du Lanbidek, UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin. Hiru hilabeteko epean, negozioa sortu edo zabaltzeko lehen urratsa emateko prestakuntza emango dute, baita diru laguntzak eta bakarkako aholkularitza zerbitzua ere, ekintzaileei "babesa eta laguntza" eskaini eta eskualdeko ekonomia indartzeko. 

Eskualdeko enplegua nahiz ekonomia indartzea dira UKUEren lan-ardatz nagusiak, eta bide horretan hainbat ekimen jarri ditu martxan, eskualdeko garapena sustatzeko asmoz. Horietako bat da ekintzailetzari zuzenduriko laguntza programa. 

Programa honen bitartez, pertsona ekintzaileek taldeko prestakuntza eta bakarkako aholkularitza zerbitzuak jasoko ditu bere ideia landu edota enpresa sortzeko. Era berean, prozesuan parte-hartzeagatik diru-laguntza jasotzeko aukera ere izango du. 

Urriaren 13an hasiko da programa, eta hiru hilabeteko iraupena izango du. Programaren barruan, diru laguntza lerro ezberdinak eskainiko dituzte. Enpresa ideia aztertzeko diru laguntza, bata –sustatzaile bakoitzeko 1.000 eurokoa izango da, eta zenbateko horrek %15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30etik beherakoa bada–, eta enpresa berria sortu eta alta emateko diru laguntza, bestea –1.500 eurokoa izango da. Zenbateko horrek %15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30etik beherakoa bada–. Bi laguntzen kasuan, % 15eko igoera izango da baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.  

Urriaren 7ra bitarte egin ahal izango dira eskaerak enpresa ideia berriak aurkezteko, eta urriaren 31ra arte jarduera berriak aurkezteko. Honako dokumentazioa aurkeztea beharrekoa da UKUEn bertan edo haren egoitza elektronikoan: 

  • Ekintzaileen betebeharrak
  • Eskualdean erroldatua egotea
  • Aurreko urtean IAEn altan emanda ez egotea
  • Langabezian inskribatuta egotea
  • Aurreko urteetan gai bererako dirulaguntzarik ez jaso izana
  • Esklusiboki prozesuan egotea (edo %30eko lanaldia baino gutxiagoa izatea)

Argibideak eta informazio gehiago 943-89 08 08 telefono zenbakian edota enpresasustapena@urolakosta.eus / jpino@urolakosta.eus posta elektronikoetara mezua bidalita eskura daitezke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!