Bihar amaituko da Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan izena emateko epea

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 24a, 16:00
2021-2022 denboraldiko partida bat. (Aritz Mutiozabal)

Bi aste besterik ez dira falta Zarauzko plaieroen sasoi berria abiatzeko. Zenbait urtetan Orioko taldeak ere animatu izan dira txapelketa herrikoian parte hartzera, eta futbolean aritu nahi duten taldeek bihar izango dute horretarako azken aukera, antolakuntza@playeruak.eus era beharrezko informazio eta dokumentazio guztia bidalita.

Urriaren 9an hasiko da 2022-2023 denboraldiko Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketa. Irailaren erdialdetik zabalik dago izena emateko epea, eta oraindik inskripzioa egin ez dutenek taldeek bihar izango dute horretarako azken aukera. Horretarako, beharrezko informazio eta dokumentazio guztia bidali beharko da antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora. Antolatzaileek zehaztu dutenez, kirol elkartearen bulegoan ez dute jasoko izen ematerik. 

Txapelketa Zarautzen egiten bada ere, inguruko herrietako hainbat talde aritu ohi dira zarauztarrekin batera lehian. Oriotarrek ere parte izan dute, eta Azkoitiko edota Getariako taldeak ere aritu izan dira futbolean.

2022-2023ko plaieroetako txapelketan parte hartu nahi duten taldeek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Jokalari guztien NAN agiriaren fotokopia. 
  • Delegatuaren NANaren fotokopia, posta elektronikoa eta telefonoa. 
  • Taldearen informazioa duen excel dokumentua beteta (deskargatu dokumentu hutsa hemen). 
  • Jokozainaren izena eta telefonoa.
  • 260 euroko transferentziaren egiaztagiria eskaneaturik. Honako kontu korrontean sartu beharko da dirua: CAJA RURAL DE NAVARRA: ES17 3008 0181 30 3009408216 (ordainketa egin arte izen ematea ez da ofizialtzat joko). 

Aurkeztu beharreko dokumentazioaz gain, izena eman ahal izateko baldintzak ere zehaztu dituzte antolatzaileek: jokalariek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte; gizonetan, gehienez 22 jokalari izango dira taldean eta 11 gutxienez; emakumeetan, hemezortzi jokalari izango dira gehienez eta zortzi gutxienez (kasu bereziak onartuko dituztela ere zehaztu dute).  

Fitxei dagokienean, jokalari eta delegatuen fitxen dokumentuaren URLa bidaliko zaio talde bakoitzari. Dokumentu horrek klubaren zigilua eramango du, eta partida egunetan eskura eduki beharko da (digitalki edo fisikoki). Antolatzaileek ohartarazi dute jardunaldiaren egun berean ez dela fitxarik egingo, eta taldean jokalari berriak sartu ahal izateko, beharrezko datuak jardunaldia baino astebete lehenago bidali beharko direla antolakuntza@playeruak.eus helbidera. 

Azken urteetan egin bezala, jokalarien poltsa bat osatuko dute aurten ere, oraingoz talderik ez duten baina txapelketan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezaten. Jokalari horiek ere posta elektroniko bidez egin behar dute inskripzioa.

Azkenik, jakinarazi dute bilera egingo duela antolakuntzak izena eman duten talde guztiekin urriaren 1ean, larunbatarekin, 11:00etan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!